Koldo Rodriguez Akarregi, Hondarribiko EH Bilduren izenean

Hondarribia, hipokrisiaren hiria

Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Bortizkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Maiz esan ohi den moduan, emakumeen aurkako biolentzia matxismoaren bortizkeriaren adierazpen lazgarria da. Baina bortizkeria horrek emakumeen aurkako bazterkerian du sorburu.

Azaroak 25. Egun horren karietara, Hondarribiko Tokiko Gobernuak Elina Chauvet artista mexikarraren "Zapata gorriak" ekimena berregitea proposatu du. Ez dakigu Elina Chauvetek Hondarribia ezagutzen duen eta gure hiriko jai nagusietan zer gertatzen den ote dakien. Gaude, feministentzat ez dela oso onargarria emakumeen bazterkerian erantzukizunak dauzkaten erakundeak emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko aitzindari gisa agertzea.

Hondarribiko Tokiko Gobernuak erantzukizun zuzenak dauzka urtero-urtero irailak 8an gure hirian gertatzen denaren gainean. Halaber, Tokiko Gobernuak erantzukizuna dauka, berdintasun plana onartu arren, berdintasun saila eta berdintasun teknikaria ez izatean.

EH Bilduko Udal Taldeak kontsideratzen du hipokrisia dela Hondarribiko Tokiko Gobernuaren portaera, alde batetik, hiriko toki izenak emakumeei eskaini eta emakumeen aurkako jazarpenaren aurkako ekimenak antolatu, eta, bestetik, 25 urteko bazterketa bortitza babestu.

Horik horrela, EH Bilduko Udal Taldeak erabaki du ez duela parte hartuko Hondarribiko Tokiko Gobernua zuritzeko antolatzen diren ekimenetan zein deklarazio instituzionaletan. Emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko modurik eraginkorrena parekidetasunaren alde borrokatzea delako, Hondarribian ere, jaietan ere.

EH Bilduko udal taldeak azaroaren 25ak adierazten duen guztiarekin bat egiten du, irmoki salatzen dugu emakumeek egunerokotasunean jasatzen dituzten biolentzia estruktural mota guztiak. Eta horretan jarraituko dugu urteak dituen 365 egunetan.

Bilatu