Alberto Castro, Errapel Kastro | Bilbo

Ibilaldia Eskola Publikoaren aurka

Euskarazko irakaskuntzan diharduten ikastetxe pribatuek (ikastolak) Euskal Eskola Publikoaren Jaia zapuztea aukeratu dute. Dirua biltzeko eta euskara aldarrikatzeko beren festa (Ibilaldia) 2014ko ekainaren 1erako programatu dute, hain zuzen ere, Euskal Eskola Publikoaren Gurasoen Elkarteen Konfederazioak (EHIGE) Balmasedako deialdirako askoz lehenago aukeratua zuen egunerako.

Egutegian beste egunik aurkitu ezin dutelako aitzakia traketsa jarrita -hasiera batean maiatzaren 25a aukeratua zuten, Europako hauteskundeen eguna-, nahiago izan dute Eskola Publikoaren Egunaren Festa izorratu.

Ospakizun hori irabazteko asmorik gabekoa da, guztioi irekia eta, egun, Ibilaldiak euskararen alde duen adinako konpromisoa du. Horri buruz ez dago beste esatekorik: haiek beren interesak zaintzen dituzte eta nahita ahazten dute egun, hemen eta orain, benetako erronka eskola publikoa euskal gizartea aldatzeko tresna bihurtzea dela guztiontzako eredu baten bidez, diru-errentei begiratu gabe, integratzaile, berritzaile eta euskararen bultzatzaile.

Eredu pribatua (ikastola) iraganean oso eraginkorra izan zen euskararen alde borrokatzeko, baina egun ez du lehengo esanahi hura, EAEn behintzat, eskola publikoaren hezkuntza ezinbesteko gida baita Euskal Herri solidario, euskaldun eta askotarikoaren eraikuntzan aurrera egiteko. Denok Balmasedara, Euskal Herriarentzat egiazko erronka eskola publikoa hobetzean dago eta!

Bilatu