Asier Ormazabal Lizeaga | Teruelgo espetxetik

Igandean Bilbon izango gara…

Urteotan iheskide, patio-lagun eta burkide izan ditugunek Usurbilen luzatu diguten «zuekin bat» irmo zintzo eta xamurraren babesak bihotza hunkitu eta barruak aztoratu dizkigulako.

Haiekin harro, amnistiaren norabidean eta gure herri zahar honen askatasuna ipar, Abian goazela erakusteko gogotsu gabiltza, zangotrabaturik nahi gintuzketen horien guztien kalterako.

Etxera nahi dugu guk ere baina, inoren eta ezeren zain egon gabe, herdoilak astintzeko tenorea dugu espetxeotan. Egoeraren latzak behartuta zulatu genituen lubakietatik irten eta ausarki aukerak aztertu, legedien zirrikituetan arakatu, ataka berriak zabaldu eta ilunari irri eginaz borrokari eutsi behar diogu.

Nekez ordea zuek gabe!

Motzean lotuko gaituen katerik ez dago, gure ametsak hertsiko dituen kaiolik ez dagoen bezalaxe eta igandean, preso, politikoen nazioarteko egunean, zuekin guztiekin izango gaituzue. Aurrerantz, Bilboko kaleak urratzen.

Euskal Herria eta Askatasuna bihotzean

Bilatu