Jabi Agirre | Lezama

Igor Urrutikoetxea, abertzale internazionalista

Kaixo Igor. Zure etxekoak ohituta zeuden zuk sarri egiten zenuen operario batekin: arin baten maletak prestatu eta banoa esanez abiatzen zinenean. Aitak amari batzuetan eta amak aitari besteetan: nora doala esan dau? -ez dakik nik, Asia aldeko edo Ameriketako nonbaitera; egoteko lasai, bialduko deuskula postalen bat eta orduan jakingo dogula non dagoen, edo bestela etxera datorrenean ekarriko deuskula oparitxuren bat.

Etxeko sukaldean daude bisitatu dituzun herrietatik ekarritako hainbat oroigarri, batzuk opor sasoikoak baina gehienak LABeko Internazional mailako arduradun izatetik deribatuak. (batzarrak, kongresuak..). ‘Oxangoiti’ herrikon ere zure lagunak errepasatzen ari dira zuk bidalitako postalak.

Azken bidaia, Brasilekoa, sano samingarria suertatu da etxekoentzat. Istripu larriaren berri izan zutenetik, hilebete luze jada, barruko korapiloa aska ezinik bizi izan dira. Jakitun izan dira, hemendik joandako etxeko biren partez, ondo jagonda zengozela, LABeko lagunak eta Brasileko sindikalista lagunak ere gertu izan dituzula, baina zoritxarrez zure bihotzaren taupadak isildu egin dira.

Dena den, Igor, nabaria da zure etxekoen onarpena, zintzoa izan zarelako, zeure buruarekin kontsekuente, eta horixe bera estimatzen dute Lezamako lagunek. Jakitun gara LABeko kideak egin dituzten ahaleginez, istripu egunetik hasi eta zure gorpua herriratu arte eta zure etxekoekin izan duten gertutasun samurraz.

Familia xume baten seme izanik Euskal Herriko eta munduko langileriaren alde zeure baliorik onenak oparitzeko prest izan zara, azken bidaia lekuko.

Ziztu bizian ihes doan kometaren lorratzak sumatzen ditugun lez, zure (38 urte) ekinaren onurak ere nabarituko dira, Lezaman, Euskal Herrian eta Munduan.

Bilatu