Gurutz Garmendia | Osinalde Auzolan Ekimena

II. auzolan topaketak Altsasun. Ardurak hartzeko ordua iritsi da

Gainean daukagu udazkena eta gorria izango dela diote. Hil honen 26an greba orokorra izan da eta ziur aski Euskal Herriko kaleak kolore aunitzez eta bereziki gorriz jantziko dira berriro ere. Eta benetan ere, ez da ez kolore makala gorria. Kolore sentsuaz askozaz haratago doa euskarazko margoaren esan nahia eta horrela adibidez, negu gorria aipatzen da sasoi latzen berri ematerako orduan eta biluzik ere gorrik esaten da. Bestalde, aurre historiako kobazuloetan ere kolore gorriz margotzen zituzten euren arte lanak. Magiaz eta jakituriaz beteriko irudi berezi eta txundigarriak. Baina ez da hor guztia amaitzen, Anbotoko Dama edo Murumendikoa edo Amuteko edo...denak ere, gona gorri motzez janzten omen dira. Eta zer esan gure lurraldeetako armarri gehien gehienen barrenaz. Ezetz asmatu ze koloreetakoak diren ia guztiak jatorriz behintzat? Ba bai, betiko kolorea da Euskal Herrietako lurralde armarri gehienak babesten dituena, gorria alegia.

Eta zer esan nahi du horrek guztiak? Zergatik ote gure burmuinetan hain atxikia kolore hauxe? Ba ez jakin. Ezin asmatu. Baina argi dagoena behintzat hauxe da. Denok daukagula odola eta bera gabe ezin garela bizi. Denok berdintzen gaittuela odolak nolabait esateko eta berdintasun hori kolore gorrian adierazten dela esan genezake.

Esaera zaharra da euskaldunok mahai berdinean jaten dugula denok batera, bereizketarik gabe eta baita ere, euskaldunak libre garela izatez, libre garela jaiotzez.

Herri berdinzale eta taldezalea da geurea jatorriz behintzat eta bide horretatik doaz, azken aldian gero eta gehiago agertzen ari diren ikerketa lanak. Joxemiel Barandiaran bezalako gizon handiek lagatako ildotik, hainbat lan argitaratu dira euskaldunen antolatzeko eraz berba egiten dutenak eta guztiek ere, talde lana eta batzarra aipatzen dituzte behin eta berriz. Eta lan garrantzitsu bat aipatu beharrean, Jasone Mitxeltorena Etxalartarrarena aipatu behar. Auzolanaren kultura liburuan, gure antxiñakoen berri ematen baita eta bertan lana auzolanean egiteko joera eta erabakiak bilkura, kontzeju edo batzarretan hartzeko ohituraren berri ematen da gure aurrekoen artean.

Krisi eta egonezin sasoi hauetan beraz, txarra ez geure jatorrien berri izatea. Arbolak bezalakoak garela diote ele-zaharrek euskaldunak. Sustraietan gure jatorriak dira, enborra gaur eguna eta adarrak etorkizuna. Eta Altsasuko topaketak, herriko gaztetxe eta udaletxearekin bat, bultzatzen dituen Auzolan Ekimenaren lema ere horixe bera da, auzolan eta batzarrarena alegia. Txikitasunaz harro sentitzen diren baserri, auzo eta herriak aldarrikatzen dira. Txikia ederra delako eta txiki txikia zoragarria berriz.

Sakanan izango dira beraz II. auzolan topaketak aste-bukaera honetantxe ostiraletik hasita eta bertan tokian tokiko burujabetasunaren alde egingo da. Krisia deitzen dioten lapurreta zikina, oso bereziki pairatzen ari den lurraldea da berau eta behin eta berriz gogor erantzuten ari dena sistema zanpatzailearen erasoei. Gure hizkuntza bera ere, desagertzear egon den bailara da hauxe, baina bertako auzotarren ahaleginaz berriro ere arnasa hartzen ari den tokia. Eta azken jentilak ere bertakoak izan zirela diote kondairek. Nork jakin. Harri eta haitz artean ezkutatuta gelditu baziren ere bere sasoian, ez harrittu oraindik orain ere basandere eta basajaunak, lamiak eta intxixuak herriko karriketatik barrena agertzen badira.

Altsasun beraz bilkura. Bai norbanako zein taldeko ardurak hartzeko ordua iritxi da eta hortxe bertan dago gakoa. Hortxe koxka. Lepo gainean daukagun kalabazaren jabe egiteko ordua iritxi da, burujabe izateko alegia. Iritxi da gorrien sasoia. Geurea da garaipena!

Bilatu