Josu Txapartegi Aramendi

Ikastolak

Azken aldian, ikastolei buruz irakurri ditudan iritzien artean, honakoan sakondu nahiko nuke: «Ikastolak sortu ziren euskara salbatzeko, batez ere, nahiz eta egia den frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela».

Zertarako sortu ziren ikastolak? Noski, euskara salbatzeko sortu ziren ikastolak. Baina helburu hori oinarrizko beste helburu batzuekin batera ikusi gabe oso motz gelditzen da.

- Euskal kultura eta euskal nortasuna berriro pizten hasteko intentzioa jaiotzatik bertatik presente zegoen. Eredu nazional bat deitu daitekeena, Euskal Herria osotasunean hartzen zuena.

- Horrekin batera hezkuntza eredu berri bat ernaldu nahi zen, eredu demokratikoa. Eredu demokratikoa diot, nahiz eta badakidan borroka ugari izan zirela ikastoletan. Demokraziak ez ditu kontraesanak itzaltzen edo ezabatzen, kontraesanak antzeko baliabideekin borrokatzeko parada eskain lezake gehienez.

- Belaunaldi berrientzat euskarazko gune akademiko formalizatuak sortzeko ahalegina ere hasieratik presente egon zen. Pedagogia eta metodologia eguneratu bat, eta ikas-materiala sortzea izan zen hasiera bertatik intentzio finko bat.

Guztia kontuan, «euskara salbatzeko» baino Euskal Herria bera salbatzeko ahalegina gehiago izan zela esan daiteke.

Zer bilakatu ziren ikastolak?

Noski frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela. Baina horrekin batera azpimarratzekoak dira beste hauek ere.

- Hezkuntza sistemaren monopolioa zuten estatuen eta erlijioen aurrean alternatiba berri bat eraiki zuten. Herritarrek behetik gora eratua. Eredu herrikoia, gizartekoia, autogestionatua.

- Gauzak egiteko estilo eta modu berezia erabili zen, gurasoak eta irakasleak elkarrekin, jendearen eta herriko elkarteen laguntzarekin... denen artean proiektua bultzatuz. Elkarrekiko konfiantza landu zen horrela.

- Ekintzaile bihurtu ziren milaka euskaldun. Denentzako zegoen tokia, borondatezko lan sozialak abiada handia hartu zuen, jendea ahalduntzea bultzatuz, eskema organizatibo berriak ezarriz zentroetan, batzarrak, lan-taldeak... antolamendu horizontalak bultzatuz.

- Baita ere heziketaren kalitatea bermatu nahi izan zen, beste herrialdeetako esperientzien ezagutza, adituen ekarpenak... Inguruan ongi errotzea bilatzen zen, komunitatearekiko lotura. Horretarako irakasleen finkapena bultzatuz.

Batzuk diote aurreko guztia orain zentro publikoek ederki ordezkatzen dutela eta ikastolen aportazioa jada ez dela beharrezkoa. Nire iritzian, haserako ildo herritar hura jarraitzen duten bitartean ikastolak beharrezkoak izaten jarraitzen dutela deritzot. Eta etorkizunerako soluzio onena dela lege berrian txertatu ahal izatea ikastolen historia herritar guzti hori, esperientzia aberats hori.

Bilatu