Tomas Elorza Ugarte

Irulegiko eskua eta Iruña-Veleiako grafitoak

«Sorioneku» Irulegiko eskua!

«Sorioneku» egunkariak, telebistak, irratiak eta sare sozialak bete dituzulako eta denak zure ohoretan. Iruña-Veleiako grafitoek ez zuten horrelako zorterik izan.

«Sorioneku» aurkitu zintuen L. M. induskatzailea. Iruña-Veleiakoak kaleratu egin zituzten erruki gabe, faltsutzaile salaketarekin.

«Sorioneku» Nafarroako Gobernuko C. U. errestauratzailea, garbitu zintuelako eta idazkuna aurkitu zuelako. Iruña-Veleiako piezak aztertu zituzten Arabako Diputazioko bi errestauratzaileei ez zieten kasu apurrik ere egin epaiketan deklaratu zutenean. Besteak beste, zera deklaratu zuten: pieza asko (18 bat kaxakada) garbitu gabe daudela oraindik eta garbitzeko baimena kendu egin zietela grafito bat aurkitu zutenean (usoa, mokoan galburu bat bat duela).

«Sorioneku» Aranzadi Zientzia Elkartea eta Irulegiko Eskuaz aritu diren kazetari, politikari, aditu, hedabide, hizkuntzalari, Euskaltzaindia, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza... izugarrizko poza eman digutelako euskaldunoi. Iruña-Veleiako azken 16 urteotan, kontrako jarrerak eta isiltasuna nagusitu dira bazterrotan. Eta oraindik grafitoen %87a aztertu gabe dagoelarik!, eta okerrena, agintariek ez dituztela analizatu nahi eta ez dutela analizatzen uzten!

Aurrerantzean, erregina izango zara museo batean, begirada guztiak erakarriz. Bitartean, Iruñeako Gaztelu Plazako altxorrak zabortegiren batean egongo dira, eta Iruña-Veleiako grafitoak soto ilunen batean. Baina «sorioneku» zu eta «sorioneku» gu!

Bilatu