Alaitz Fernandez

Isildutako tiroak

Leoneko PP eta Diputazioan lehendakari zen Isabel Carrasco hil da kalean tirokatuta. PP eta PSOE ek bertan behera utzi dituzte gaurko mitinak, halako batean. PNV, UPyD eta IU k ere, eskumako eskua eskainita, estatuko handien bidea jarraitu dute, ezin geratu atzetik. Akaso boto batzuk atera litezke honetatik denetik. Biktimen negozioa aski ezaguna zaigu. 13 kargu administratibo eta 150.000 euroko urteroko soldata xumea. Antza garrantzirik gabekoa asuntu honetan. Mafioso bezala jokatzen zuenak ez zukeen inoiz pentsatu mafiaren alde txarrena bere aurka etor zitekeenik. Litekeena gaur hori gertatu izana. Diktaduratik demokraziara pasatzea ez omen da erreza. Diktaduran egin dezakezu nahi duzuna, zurea da boterea. Altxatzeko ausardia izan eta ezabatua izango zara.

Demokrazian ez da horren erreza. Formak gorde behar dira herriaren aurrean, azken finean herriak aukeratzen du gobernua. Ilusionista perfektua den kapitalismoa eta neoliberalismoa dira formak gordeta herriaren sarraskia burutzeko giltza. Eta horrela politikaren erdigune bakarra bihurtzen da dirua. Diru horren beharra saltzea da lehenengo pausoa. Ezin zaitezke bizi Audi bat izan gabe. Ezin zaitezke bizi zure etxeak lorategirik ez badu. Ezin zaitezke bizi Armaniren betaurreko horiek gabe. Hala ere, zaila izaten da horrelako behar izan bitalak asetzea soldata monotono batekin. Baina horretarako badago irtenbidea, oso irtenbide sinplea: Zure etxea birfinantziatu dezakezu bankuarekin eta berak emango dizu zure bizitzan horren garrantzitsuak diren gauza horiek erosteko dirua. Eta hemen dator mafiosoen joko maltzurra. Hilabetez hilabete igotzen joan den bankuaren ordainketak zerua jotzen du. Diru gabe geratu zara. Eta mafia bere lanaren truke dagokion zatia bilatzera etorriko da. Etxe hustuketa.

2013. urtean Espainiar estatuan 67.189 etxe husketa egon ziren, 184 eguneko. Mafiak ondo baino hobeto burutzen du bere lana. Beti irabazten du. Estatuko gobernuaren zirrikitu txikiena ere ekonomizatuta dagoelako. Gobernua ez dago herriaren mesedetara, eremu finantzieroa bihurtu da kontrolatzaile bakarra. Baina gauzak ez doaz ondo, sei milioi langabetu, bi milioi terdi ume pobrezia larrian eta zenbatu ezinezko murrizketa soziala. Datuak ez datoz bat herriaren botoekin, edo ez lukete bat etorri behar. Eta hala ere, berriro, eskuma irabazle. Nola liteke. Europan ere PP garaile omen. Erantzuna, ilusionista perfektua den kapitalismoa. Noiz bait aberats bihur gintezkeenaren ilusionismoa. Eta honek horrela jarriatzen duen bitartean, langabetuak, pobrezia larrian dauden umeak, terrorismo matxistaren ondorioz hiltzen diren emakumeak, migratu beharrean dauden gazteak, eskubide sozial oro ukatuak zaizkigun persona guztiak izango gara biktimak. Izango gara isildutako tiroak.

Bilatu