Marisa Zubiri Argiñaritz, iruñea

Istripuaren zain?

Istripuaren zain. Horrela dirudi dagoela Iruñeko Udala, Santa Engrazia-Euntzetxiki eta Arrotxapea lotzeko pasabideari dagokionez. Eta hori pentsatzeko, bi auzoak banatzen dituen trenbide ondoan paseo bat ematea besterik ez da behar. Izan ere, sanferminetatik, 80 metro baino gutxiagoko tartean, trenbidea isolatzen duen hesia apurtuta dago, gutxienez hiru puntutan, eta horrela jarraitzen du lerro hauek idazten ditudan momentuan.

Santa Engrazian urte asko daramatzagu trenbideak dakarren oztopoaren konponbidearen zain eta, errepikatzen den eskaera izan arren, Udalak beste alde batera begiratzen du behin eta berriz.

2007an eskaera bat egin zen. 2015ean, Nafarroako Arartekoak, auzolagun batek egindako idazkiari erantzun zion ebazpenean (J14/24), Iruñeko Udalari iradoki zion «aurrekontuak ahalbidetu bezain laster, AHTren ezarpena gauzatu ez den neurrian, egin dezala Buztintxuri eta Arrotxapea auzoetako oinezkoentzako lotunea hobetzeko jardueraren bat». Ebazpen berean, honakoa ere esaten da: «Pertsonen segurtasunerako arriskua dagoela egiaztatzeak, nahiz eta pertsonen zuhurtziarik gabeko jarduketengatik izan, administrazio publiko eskudunek neurri gehigarriak hartzeko aukera baloratzea ekarri behar du».

Duela bi hilabete inguru, EH Bilduk aurkeztu zuen zuzenketaren bidez, 30.000 eurorekin Santa Engrazia eta Arrotxapea auzoak lotuko dituen oinezkoen zaldainaren proiektua finantzatzea proposatu zen. Ikusiko dugu zertan gelditzen den guztia…

Beste proiektu batzuetarako erabiltzen den aurrekontua ikusita, pentsatzen dut dirua ez dela arazo izanen. Espero dezagun konponbidea istripua baino lehen iristea.

Eta, bide batez, alkate jauna, ederra banderatxoa.

Bilatu