Itziarko auzo udal proiektuari buruz
Itziar 2014ko Maiatzaren 28a. Garai garrantzitsuak ari gera bizitzen Itziar eta inguruetan. Auzo Udal proiektua dela eta, etsipenean murgilduta zegoen herria berpiztu da eta ilusioz bete da. Daukagun bizimodu hau hobetzeko aukera badela erakutsi digute eta denok elkarrekin lan egin ezkero lor dezakegula. Bizitza bat daramagu Itziar eta Itziar inguruko auzotarrok zerbait hobeagoarekin ametsetan, eta behingoz amets horrek izena du, auzo udala errealitate bat da. Inor kaltetu gabe, Deba herria, Itziar eta inguruko auzo guztien garapena bideratuko duen proiektu bat. Gaur sekula baino argiago egi bihurtzeko bidean ikusten duguna. 2014ko Maiatzaren 25a ezta belakoan ahazteko eguna izango. Behingoz hitza izan baikenuen.
Behingoz Itziartarroi benetan zer nahi dugun galdetu ziguten eta demokrazia batetan bizi bagara, ez da herriari entzun beste erremediorik izango. Ez ginen etxean gelditu ez horixe! partehartzea sekulakoa eta emaitza zirraragarria. %94,7 auzo udalaren alde alajaina eta auzo guztietan %80tik gorako babesarekin gainera. Argi esan dugu zein den gure nahia eta ez dugula bizi garen egoeran bizi nahi. Itziarko lurralde osoan, zahar berdin gazte, gure pentsamendu politikoa alde batera utziz. Denok batera aho batez esan genion auzo udalari bai! Behingoz egindako lana ari da bere fruituak ematen. Lan asko egin da, batasunean, auzo lanean, elkarrenganako eta herriaganako maitasunean. Auzo Udal bat baino zerbait gehiago sortu da, herri izaera lortu dugu. Sekula baino talde handiagoa eta anitzagoa dabil jo eta ke, beraien eguneroko beharrez gain, proiektu honen alde, etorkizun hobe baten esperantzan, lanean gogor.
Gure super heroiei, isilean, gelditu ere egin gabe lanean dabiltzan horiei, hau posible izatea lortu duzuenei, eskerrik beroerak bihotz-bihotzez eta animoak. Itziartarroi zorion malkoak isurarazi dizkiguzue eta posible egin duzuen hau ez dugu sekula ahaztuko. Azkenean ari gara tunelaren bukaeran argi bizi bat ikusten. Datorrena datorrela, horrela elkarturik jarraituz gero, ez dugu gaindi-ezineko oztoporik izango. Jaio garen lekuan jaiotzeak ez duelako daukagunarekin konformatu behar dugula esan nahi. Urte asko daramazkigu horrela eta iritsi da aldaketarako garaia. Besterik gabe esan behar, harro nagoela Itziartar izateaz, bizi naizen inguruan bizitzeaz eta ditudan auzotarrak izateaz. Zoriontsu naiz herri galdeketaren egunean bizi izan genuena bizitzeko aukera izan dudalako eta seguru nago beste horrelako hainbat momentu biziko ditugulako. Ez da errexa izango baina ikusi da prest gaudela. Maitasun osoz beteta agurtzen naiz, nire esperantza denak demokrazian jarririk. Elkartzen gaituenagatik, gure arteko komunikazioa hobetzeagatik, garapenagatik, auzo lanagatik, inoiz baino ozenago, orain ala inoiz ez! auzo udalari bai!!