Izuaz eta babesaz
Ane Arbeo Sarriugarte | Durangoko Autodefentsa Asanblada
2019/05/27

Askotarikoak izan dira azken asteotan Euskal Herriko zein estatuko prentsan ikusi ditugun titularrak (susmagarriki, hauteskunde kanpainaren bezperetan): «Durangoko emakumeak askeago egingo dituen botoia», «nola saihestu eraso matxistak klik batekin», «mehatxatuak sentitzen diren emakumeentzako botoia»... Bai, Durangoko Udalaren azken iragarpenaz ari gara: Izuaren aurkako botoia deitu dutenaz.

Eraso matxistak saihesteko, GPSdun geolokalizatzaile bat daraman gailu batekin ibiltzea proposatzen digute; geure burua arriskuan ikusiz gero, botoia klikatu eta udaltzainak gu «salbatzera» agertu daitezen.

Berria irakurtzean, hainbat galdera etorri zaizkigu burura: nor kontrolatzen du aparatu honek? Nork dauka eraso sexisten erantzukizuna, edo gordinago esanda, nork erasotzen gaitu? Noiz jarriko da fokua erasotzaileengan? Zer behar dugu emakumeok* babestuak sentitzeko?

Paradoxikoki, botoia aurkeztu zuten astean bertan, gure herriko emakume* bat erasoa izan zen, bere mutil lagunak erasoa. Bere etxean, bere ohean. Badirudi erasotzaileak ez direla soilik toki ilunetan edo mendian agertzen diren ezezagunak.

Indarkeriaren atzean, hau sostengatzen duen gizarte-egitura oso bat dagoela badakigu honezkero. Indarkeria matxistarekin amaitu nahi badugu, sistema heteropatriarkala suntsitu behar dugu, eta harreman osasuntsuak eta bizitza bizigarriak bermatuko dituen gizarte feminista eraiki. Bide honetan, errotiko neurriak exijitzen dizkiegu instituzioei; hezkidetza plan integral eta iraunkorrak, emakumeok ahalduntzera begirako proposamenak, erasoen erantzukizuna geure gain jartzeari uztea.

Indarkeria jasanez gero artatuak izango garen instituzioetan (polizia, osasun zentruak, zerbitzu sozialak…) formakuntza eskatzen dugu; salaketa jartzera goazenean oztopatuak ez izateko, gure kontakizuna zalantzan ez jartzeko, merezitako babesa eta tratu ona jasotzeko.

Emakumeok* zaurgarriak eta biktima potentzialak gareneko iruditeria elikatzen duten neurriek ez digute balio. Kontrol mekanismoek ez gaituzte sekula babestuko. Horregatik, autodefentsa feministan sakontzen jarraituko dugu, modu autonomo eta kolektiboan antolatzen eta ahalduntzen.

Artikuluak
Irene Campos
2019/10/22
Alba García Martín
2019/10/22
Pakita Andueza
2019/10/22
Gutunak
Alberto Gabikagojeaskoa, Jose Antonio Lekue eta Josu Naberan
2019/10/22
Maria Olga Santisteban Otegui | Zalla
2019/10/22
Julio Fernandez Hernandez
2019/10/21
Enrique Vivanco Fontquerni
2019/10/21
Azken post-ak
Dabid Lazkano
2019/10/21
Martin Garitano
2019/10/21
Martin Garitano
2019/10/18