Juanma Hernandez Agudo

Jaiek jai dute

Sanferminetan Iruñeko alkateak zezenketak kentzea “kataklismoa” izango zela adierazi zuen. Hilabete pasata, adierazpen horiek berretsi izan ditu eta tokian tokiko tradizioak kontuan hartu behar direla gaineratu du. Bitartean, EAJren eskutik zezenketak itzuli dira Donostiara eta agintari berriek  hiriko jaiek “prestigio” berreskuratu dutela  adierazi dute.

Aurreko guztiak zer esan nahi du? Festak ospatzeko animalien sufrimenda ezinbestekoa dela?. Ez garela gauza torturaren ordezkorik  bilatzeko? Hala bada, jaiek jai dute.

Izan ere  genero indarkerian edota animalien kontrako tratu txarretan oinarritzen diren tradizioak baztertu beharrekoak  direla argi izan beharko genuke, eguneroko bizitzatik baita festetatik ere. Tradizioa aipatuta, ezinbestean Tordesillaseko “Vegako Zezena” etortzen zait burura. Jende asko ohitura anker honen kontra bada ere herrian babes zabala dauka eta tradizioari eutsi nahi diote kosta ala kosta. Tamalez batzuek Tordesillaskoa gaitzesten dute baina zezenketen aurrean beste aldera begiratzen dute.

Jakina da egun batetik bestera tradizioak aldatzea  oso zaila dela. Alabaina hainbat alkatek, zezenketak babesteko “kataklismo” edo “prestigio” hitzak baliatzen dituztenean Tordesillasen antzera jokatzen dute eta tradizioari men egiten diote. Errealite latza aldatu beharra dago eta urratsak denon artean eman behar ditugu, luzeagoak edo motzagoak baina helburu argi bat izan dezagun: tratu txarrik ez!

Bilatu