Joseba Egibar eta Igeldo
Duela hiru bat aste, Gazteizko legebiltzarrean, autodeterminazioaren aldeko eztabaidaren ondoren, EAJko bozeramailea den Joseba Egibar jaunak honelako adierazpenak egin zituen Euskadi Irratian hitzez-hitz:
«Garbi dagoena da, pertsonen artean bezala, herrien artean ere elkarbizitza ezin dala inposatu. Herri batek esaten badu, beti gehiengo baten eskutik, nik neure etorkizuna eraiki nahi dut eta izango gera auzokide, errespetatu gaitezen, nik uste det hori dala bidea eta konstituzioak edo legediak egokitu behar du borondate politiko horretara eta ez alderantziz».
Aldez aurretik esango dizut guztiz onartzen ditudala adierazpen horiek. Badakit, herri hontan adostasunerako bide bakarra elkarrizketa dela, behin eta berriro, beraz, egokia iruditu zait gaur zuri galdera hauek zuzentzea. Egibar jauna, esaiguzu mesedez, zure adierazpenetatik zer dan Igeldori ez dagokiona, zer dan guretzako aplikagarria ez dena. Zergatik inposatu nahi diguzue auzokide degun Donostiarekiko elkarbizitza?
Azken hogei urtetan, lau aldiz adierazi dugu gehiengo nagusi batez (1994, 1995, 2008 eta 2013ean) gure etorkizuna eraiki eta gure udalerria osatu nahi dugula. Beraz, gure gehiengoak ez du berdin balio? Gure kasuan legedia eta borondate politikoa bat datozenez, 1690/ 1986 araua da ezarri beharrekoa, epaitegi guztietan agerian geratu den bezala. Ondorioz, zergatik saiatzen zarete behin eta berriro gure bidea oztopatzen? Guk ez dugu erabakitzeko eskubiderik? Guretzako ez dago demokraziarik? Zer motatako interesak daude hemen jokoan? Zertan bereizten dira zuen Igeldorekiko jarrerak, eta Raxoy jaunak edo P.P. berak Euskal Herriarekin dutenak?