Xanti Begiristain Madotz

Kaiku Km0

Kaiku Km0 bizimodu bat da. Zure inguruneaz, sustraiez, ohiturez eta kulturaz kezkatzen da. Baita bertako ekoizleei laguntzea eta arduraz kontsumitzea ere. Kontsumitzaileak gure ingurugiroaren oparotasunaz kontzientziatzeko asmoz jaio den mugimendua da.

Honaino iristen da Kaikuk bere webgunean jarrita daukana. Denarekin oso ados nago, gauza batekin izan ezik, eta, hain zuzen ere, garrantzitsuena dena, izenburuarekin, alegia, <Kaiku Km0>, horrexegatik jarri dute hain justu ere buruan, garrantzizkoena delako.

Uste dut, euskaldun jantzi guztiek dakitela ez dela gauza bera “formula bat” eta “bat formula”, bueno, ba, kontu bera gertatzen da “zero kilometro”-rekin. Inork zalantzaren bat baleuka, begira dezala, mesedez, leku hauetan besteak beste, konparaziora, Euskaltzaindiaren Hiztegian: “zero tolerantzia”; “zero zabor”; “zero zenbakia”; “zero kilometro”, edota BERRIA egunkariko Estilo liburuan: “zero pazientea”; “zero eremua” eta abar.

Bueno, ba, ikusitakoak ikusita, iruditzen zait ez dagoela tokirik zalantzan jartzeko gorago esandakoa, orduan Kaiku enpresak zergatik errepikatzen ote digu behin eta berriz, euskarazko hedabide guztietan “kilometro zero”, “kilometro zero” eta “kilometro zero” nazkatu arte, nardatu arte, gogaitu arte, baldin eta, bere propagandan esten badu <gure kulturaz kezkatzen dela>? Zer, euskara zuzena, txukuna eta egokia ez al apika gure kultura Kaikurentzat! Euskarak ez al du merezi hainbeste? Zergatik tema hori espainiera bultzatzeko? Erdarak gehiago saltzen al du, e?, Kaikuko demonio kaikuok?

Nik neronek bederen, aitortzen dizuet, Kaikuko jaun-andre (baba loreok?), asper-asper eginda naukazuela erdal-esamolde hori sartzeko fanatismo ergel horrekin, baita euskarazko komunikabiderik euskatzaleenetan ere. Zuentzat “kilometro zero” delako esamolde gogaikarri eta erdaratzaile hori!

Bilatu