Xanti Begiristain Madotz

Kataluinaren emantzipazioa

Norbaitek aspaldian esan omen zuen, familian jaiotzen diren seme-alabek, hazi, hezi eta pertsona helduak egin ondoren, nahi badute eta modu egokia baldin badaukate, eskubide guztia dutela etxetik alde egiteko, hau da, emantzipatzeko, gurasoek eta gainerako anai-arrebek nahi ez badute ere. Ez diote inori eta inoiz baimenik eskatu behar etxetik joateko beren senar, emazte, bikotekide, maitale eta abarrekin bizi izateko, edo bakarrik, nahi badute, eta, ezta etxera itzultzeko ere.

Oker ez banago, gorago aipatu dudan esaldi hori, Itun Berrian edo Zaharrean irakurri ahal da, eta, dirudienez, Espainiako agintari gorenak, fiskalak, epaileak, eliza ofiziala eta abar, gehienak behintzat (oso katoliko eta apostolikoak izanik), guztiz bat omen datoz iritzi horrekin, baina gero, eskala handiago batean, zeharo ukatzen dute eskubide hori.

Esan bezala, gizarte honek naturaltasun osoarekin onartzen du seme-alaben emantzipazioa beren familiengandik, eta baita Madrilgo Gobernuak ere.

Madrilgo oraingo Gobernuak, lehengo gobernuek eta frankismoak ere, beti esan digute Espainiako herri (edo nazio) guztiek osatzen dutela Espainiako sendi bakarra eta handia, baina gero paradoxikoki, familia horretako gurasoek jokatzen dute guraso autoritario eta faxista bezala, seme-alabei ez dietelako uzten emantzipatzen haiek nahi duten bezala, baizik eta guraso gaizto eta inposiziozko horien nahierara.

Hara, gure sendi arruntetan, seme-alabek nahi dutenean alde egiten dute etxetik eta independizatzen dira, gurasoek seme-alaba horiek etxeko zutabera lotu gabe. Eta beste horrenbeste gertatzen da auzoetan, herrietan, hirietan, hiriburuetan, probintzietan, erkidegoetan eta estatuetan ere, alegia, nahi duenak alde egiten du, eta gero berriz itzuli nahi badu, inork ez dio oztoporik jartzen itzul dadin, baina, horixe bera kolektibo handi batekin gertatzen denean, alegia, Katalunia, Euskal Herria edota Galiziarekin, orduan Espainiako guraso diktadore horiei burua eta garunak nahasten zaizkie, sutan jartzen zaizkie eta ero moduan jokatzen dute; esaten dakiten bakarra da Ez, Ez eta Ez. Ez dute ahalmenik seme-alabekin natural eta normaltasunez hitz egin eta negoziatzeko, ea partekatu nahi duten etxea estatus berberarekin, edota, ea egin nahi duten etxe berri bat eta abar. Ez, guraso gaizto horien erantzun bakarra da ; hala bedi, amen!!!

Horrek guztiak zer esan nahi du? Bada, horrek guztiak esan nahi du, guraso horiek ez direla batere demokratikoak, frankismoan, diktaduran eta Erdi Aroan gelditu direla iltzatuta, eta ez dutela aurrera joateko asmorik giza eskubideekin batera. Adibideak Kanadan (Quebecekin) eta Erresuma Batuan (Eskoziarekin) ditugu.

Bilatu