Ibon Meñika eta Haritz Petralanda, Gernika Batzordeari buruzko ikus-entzunezkoaren egileak

Kontakizun kaleidoskopikoa

Garaiak aztoratuta datoz. Abiadura handian bizi gara. Atzoko gertaerak gaurko amnesia bihurtu zaizkigu, eta, are txarrago, biharko ahanzturagile bilakatzeko arriskuan gaude, Mario Benedettiren gogoetari jarraiki.

Herri mugimendu batek 45 urteko ibilbidea daramala esatea ez da, ez, edonork esan dezakeen zerbait. Balio erantsia du herri inpultsotik sustatua, bultzatua eta garatua izan denean. Are gehiago Gernika duenean kokaleku. Euskaldunon memoria lekua borroka lekua izan delako, maiz.  Egia, aitortza, eta justizia ardatz harturik, aurrean duenaren boterea dena delakoa dela, ekarpen konprometitua eskaini du.

Herri memoria elikatu duenak bere memoria propioa eraiki du denboraren poderioz. Iraganari erreparaturik, baina garaian garaiko borroka, problematika eta aldarrikapen ugarirekin konektatzeko: gatazka politikoaren soluzio bidean aktibo, munduko borroka ezberdinen elkargune, eta aldarrikapen sozial ugariren bidaia-lagun izan baita. Etorkizuneko begiradarekin, betiere. Gernika Batzordearen ibilbidea biltzen saiatzen den dokumentala egin dugu, proiektu kolektibo izaera hartu duena. Datorren urriaren 22an estreinatuko dugu Gernikako Lizeo Antzokian, Zineklub elkartearekin lankidetzan. Herri memoria bizia eraiki nahi duen oro gonbidatua dago.

Bilatu