Hilario Manzanedo Gabilondo | AHTGelditu! Elkarlanako partaidea

Kontseilu Gobernuaren aurrean irmoki diogu: AHTrik ez

Kurtso politiko berriari hasiera ematen dion lehen gobernu kontseiluaren bilera baliatu dugu, idazki honen bitartez, irmoki eta ozenki salatzeko inolaz behar ez dugun eta alferrikakoa den AHTren eraikuntza muturreraino eramaten tematua dagoen Eusko Gobernu porlanzale eta antisozial hau.

Duten botere apurra ederki baliatu dute EAJko buruek, Madrileko PPko gobernuaren ahulezia, beraien botoen trukean azkenaurreko bultzada finantzatzeko egitasmo txikitzaile eta xahutzaile honentzat, tartean Bergarako lotunea eta hiriburuetarako sarbide zein geltokien aukera garestienak inposatuz. Oso esanguratsua deritzogu behar izan orokorretan (osasuna, hezkuntza, ingurumena...) murrizketak etengabe egiten ari den gobernua sostengatzea. Pilaturiko zor publikoa kitatzeko lehentasun lege lotsagarri bat baliatzen duten bitartean, inoizko zorpetze handienera eraman gaituzte (jadanik BPG-ren %100tik gorakoa dena) alferrikako handikeri hauek bultzatzearren. ADIFek gutxienez 15.000 milioi €-ko zorra pilatu du. Euskal Y-aren kasuan, oraingoz exekutatuak diren 2.800 milioi euroko inbertsioaren ia 2.000 milioi Europar Inbertsio Bankuarekin epe luzera zorpetuz lortu dituzte. Honek argiki erakusten digu bai estatuko zein Euskal Herriko politiken lehentasunak eraikuntza eta porlanjaunen lobiek erabakitzen dituztela, gehiengo handienaren kaltetan. Ozen salatzen dugu jendarte xumeenaren eta langileen zergak baliatzea, ipurtzulotik ere dirua ateratzen zaien jendilaje hauei emateko.

Zoritxarrez kalapitak bata bestearen ondoan etortzen dira. Sekula gurean inposatzen ari diren azpiegitura erraldoi eta garestiena hamarkadak daramatzate modu inprobisatuan gauzatzen. Kasu, udara hasieran Europatik beharturiko larrialdietarako tunel irteeren betebeharra. Iadanik bukatutako 11 tuneletan desjabetze gehiago, lur suntsiketa gehiago eta zakartegietara mendi puska gehiago dakartzana bere 50 milioi euro baino gehiagoko gainkostuarekin. Bitartean herri xumeak gehien erabiltzen duen aldiritako trenean ia bi urte iraungo duen kalapita: Irun-Lezo Errenteria zatian ordutegiak gutxituz eta topoarekin aldaketak egitera behartuz. Hau bukatzean desastrea Donostia-Martutene zatira pasako da beste pare bat urtez edo gehiagoz. Benetan lotsagarria dela deritzogu eta dena AHTarekin tematuta daudelako.

Beste horrenbeste esan dezakegu Euskal Y-aren kanpoaldetarako loturekin: Gazteiztik hegoalderako zatiaren inguruan Estatuko gobernuaren eta Jaurlaritzakoaren arteko hika-mika lotsagarria, merkantzientzat bai ala ez, prentsaren bitartez ikuskizun arbuiagarria eskainiz. Gainera salgaiak gehienez Burgoseraino joan ahalko lirateke. Adar jotze hutsa. Berdin Ipar Euskal Herriarekin lotzeko ahaleginetan. Frantziako Trenbideen arduradunek berriki 20 milioi euroko inbertsioa egingo dute Baiona eta Hendaia arteko trenbidea zaharberrituz, honek ia betirako bertan behera utziko lukeelarik AHTren lotura egitasmoa Biriatu inguruan. Inprobisazioaren beste adibide argi bat.

Larriena lurraldearen artifizializazio muturrekoa dugu, naturguneak zatikatu, txikitu eta modu itzulezinean porlanez estaliz, benetako iraunkortasun bakarra bermatzen duen lurra modu anker honetan galaraziz. Uztailean Derion burututako La Via Campesinaren kongresua babestu zuen gobernu berak, elikadura burujabetza gauzatzeko ezinbestekoa den baliabide estrategikoena modu arduragabean xahutzen ari da etengabe, beraien benetako asmoak begi bistan utziaz. Alde ederra legoke, AHTa bertan behera utzi eta nahi duten herritarrek, bertako nekazaritza agroekologiko bat aurrera eramateko plangintza serio bat martxan jarriko balute. Soilik AHT-ak birrinduko dituen 1.200 hektareetan 1.000 lanpostutik gora eta 60.000 etxeetako barazki beharrak aseko litzateke.

Bukatzeko ezin aipatu gabe utzi, azpikontrata ilunen bitartez baimentzen dituzten lan baldintzen izugarrikeria: lanaldi bukaezinak, ziurtasun urriak eta soldata lotsagarriak. Honi amaitzeko epeekin darabilten itsukeria lotuz gero, konbinazio ederra dugu lan istripuak gerta daitezen. Eta lotsarik gabe gainera, hor darabilte «auzolana» hitza beraien eguneroko edozein diskurtsotan sartuz. Gure ustetan hemen norbaitzuk ardura kriminal bat hartzen dutela salatzen dugu.

Hauek denak gogoan, geldi dezagun behingoz AHT-a.

Bilatu