Unai Arellano Lakabe, Jaso Ikastolako zuzendaria

Kontxita Martinez de Lezea gogoan

Ikastolako ibilbidean ezagutu zintugun, Kontxita, dotore, elegante, irribarretsu; begirada garbia eta euskara bizia ezpainetan; gerora ohartu ginen euskazale handi horietako bat zinela, hizkuntza, kultura eta herria zinez maite zuten horietako bat.

Jaso ikastolako sortzailetariko bat, ezinbesteko pertsona askoren ibilbide profesionalean; aurretik San Fermin ikastolako irakasle, ondoren Jasoko zuzendari, gerora lankide eta beti lagun izan zaitugu, Kontxita. Hemen gauden askok zuri eta zure belaunaldiko beste batzuei zor dizuegu gaur eta hemen euskaraz aritzeko aukera izatea. Militantzia, konpromezua, auzolana, euskalgintza, herrigintza zer ziren zu bezalakoei esker ezagutu genuen, eta XXI.mende nihilista honetan, berriro ere, horiek aldarrikatzeko beharrean gaude.

Zenbat kilometro egin zenituen, Jesus Atxa eta beste hainbatekin batera, Nafarroan barna, mahaiak eta aulkiak alde batetik bestera eramaten? Zenbat ate jo zenituzten ahaztutako zoko ilunak itxaropenez beteriko ikastolak bilakatzeko? Zenbat buruhauste? Zenbat garaipen? Zenbat haur euskaldundu ziren euskara putzu sakon eta ilun horretan zegoen garaietan? Zenbat ginen? Zenbat gara?

Pozik gaude Kontxita, pozik eta harro guztiok batera lortu ditugun horiek guztiengatik; baina triste, era berean, zaila izanen zaigulako ahaztea ikastolako festak, bertako giroa, zure harremanetarako abilezia. Zuk bultzatzen gintuzun Danborradan parte hartzera, Inauterietan, Santa Ageda bezpera; zalantzarik gabe, ostegun gizenak ez dira berdinak izanen ikastolan.

Gauza asko aldatu dira, 70. hamarkadan, Tolosatik Iruñera etorri zinenetik, baina egon lasai, Jaso ginelako gara eta izanen gara.

Adiorik ez Kontxita, eskerrik asko eta nahi duzun arte!

Bilatu