Aitor Garagarza Cambra | EH Bilduko militantea eta Plentziako zinegotzia

Kritikak EH Bilduri? Bai, eskerrik asko

Ongi etorriak EH Bilduk Estatuko aurrekontuen balizko onarpena kritikatzen dutenak. Ongi etorriak Nafarroa Garaiko aurrekontuen onarpena kritikatzen dutenak. Ireki dezagun kritikari bidea, ez gaitezen informazio transmisore hutsak edo ezertaz asaldatzen ez diren alderdikideak izan.

Ireki ditzagun bideak zuzendaritza eta gure goiko ordezkarien erabakiak eztabaidatzeko. Nahiz eta erreferentzia handiko pertsonak izan, izan gaitezken gai haien erabakiak kolokan jartzeko. Ariketa zeharo osasuntsua izan daiteke oinarriarekin kontrastatu beharreko eta aurrez hartutako erabaki baten aurrean, kontrako iritziek partida irabaztea. Oso osasuntsua izan daiteke.

Sustatu dezagun beste kultura militante bat, editorial eta egunkarietako titularretatik haratago. Informazioaren garaian zer da garrantzitsuagoa, zure oinarri sozialarekin aurretik kontrastatzea edo hedabideen bidez enteratzea primiziaren lehia irabazteko?

Gure herriaren eskubideak eta biztanleagoren baldintza materialak hobetzen dituzten aurrekontuak badira, jar ditzagun datu zehatzak mahai gainean. Zertan hobetzen dituzte? Gure helburu estrategikoak ahaztu gabe, jakina.

Ez gaitzazue ni eta nire lagunei disidente deitu. Eztabaidatu dezagun baina iraindu gabe, ez esan gure kritikak moralistak direla jarraian berdina egiteko. Ez ahalegindu jendea alde batean edo bestean lerrokatzen.

Gaizki etorriak orain eta beti, erabakia edozein delarik ere, edozer onartzeko eta justifikatzeko prest daudenak. Ez gara  disziplinaz hitz egiten ari.

Bilatu