Maria Jesus Cereceda Garaio

«Laguntza behar dut»

Ederra eta egokia leloa, osasun mentala existitzen dela eta jende askorentzat errealitate gordina dela aldarrikatzeko... Baina, galdera datorkigu burura: zertan datza laguntza hori? Orain dela gutxi ezagutu dudan kasu bat azaltzera ausartu naiz.

Mutil bat buruko gaitz batekin diagnostikatuta dago. Tratamendupean urte batzuk eman ondoren, duela ia 36 hilabete zegokion medikazioa hartzeari utzi zion etxekoak engainatuz. Laster arazoak: behin etxean dirua lapurtu, hurbilekoekin portaera gatazkatsuetan eta eztabaidadetan ia beti, salaketa bat jaso du jokaera desegokiagatik, eginiko eszentrizitateek alarma piztu dute kanpokoen artean... Azkenenan «ingreso involuntario» komenigarria zela ondorioztatu zen, medikazioa hartzeko aholkuei muzin egin eta herriko zentroko psikiatrarekin zeukan hitzorduan kale egin ondoren.

Urriaren 18an Galdakaoko Ospitalera eraman zuten begiratu eta eta ebaluazioa egiteko. Urriaren 19an etxera bidali zuten. 24 orduz ebaluazioa egiteko. Handik medikazioa errezetatu eta ohar bat eman diote eskatuz herriko Osasun Zentroan zita hartzeko «con carácter preferente» aste horretan bertan. Osasun Zentroak emandako zita: azaroaren 16an. Ez ei dago tarterik lehenago.

Etxekoentzat harridura eta sufrimendua, mutilaren delirioak azaldu baitu ahozko agresibitate handia erakutsiz. Laguntza? «llame al 112 si las cosas se complican». Baina, horren ordez ez da tratamendua eta asistentzia egokia gaixo batek behar duena ingreso bat ekiditeko?

Azaldutako anomalia salagarria da eta ez zatekeen gertatu behar egoera normalizatu batean. Tamalez, ez da kasu bakarra izango. Izan ere, Osakidetzan murrizketa larriak jasaten ari gara eta profesional sanitario gehienek sekulako ahaleginak egin arren, pazienteek batzuetan ez dugu jasotzen merezi dugun arreta. Zer esanik ez osasun mentalaren arloan, beti zokoratuta egon da eta gaur egun ia desagertua. Jakina, pribatuaren alternatiba eskaintzen da baina hori ez da soluzioa, ez da izan behar. Osasunarekin negozioa egiteak kutsu amorala du.

Dagokionari hona hemen eskakizuna: langileentzat baldintza duinak euren lana duintasunez egin dezaten; pazienteontzat merezi dugun arreta duina, eta pazientearen hurbilekoentzat pazienteak arreta eta tratamendua egokia jasotzen duela jakinda, lasaitasuna eta konfiantza.

Kanpaina eguneroko errealitatean gauzatuta ikusi nahi dugu, mesedez.

Begirunez.

Bilatu