«Los 40 Summer Live» bortxaketaren kultura hauspotzen
Ana Sarasola Mujika*
2019/08/20

Zarautzen, Uztailaren 31n, Los 40 Summer Live jaialdian gertatu denarekin suminduta eta oso haserre gaude. Egunero iraintzen, jipoitzen, bortxatzen eta hiltzen gaituztelako ez ezik, indarkeria matxista eta bortxaketaren kultura diru publikoarekin sustatu delako oraingoan, Zarautzen eta milaka lagunen aurrean.

Asko hitz egin daiteke jaialdi horretaz, hari ezberdinei helduta. Bisitariak erakartzeko festa edo turismo eredu guztiak ote diren nargarriak, udalerri euskaldun batean udalak horrelakoak diruz lagundu behar dituen, hondakinen kudeaketaren inguruko kontzientziazio lanik zergatik ez zen egin eta abar.

Larriena, ordea, sare sozialetan zabaldu den bideo batek erakutsi digu. Bi egunean 20.000 bisitaldi izan dituen eta erabiltzaileek 400 aldiz baino gehiago elkarbanatu duten bideoak argi eta garbi erakusten du oholtza gainetik zernolako mezuak zabaldu ziren, emakumeon gorputzak gizonezkoen nahiaren araberako jostailuak balira bezala: «Animal. Me pones tan mal. Lo que quiero hacer contigo no es legal. Animal. Casi criminal».

Letra horiek oholtza gainetik babestea irain hutsa da emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurka lanean ari garen guztiontzat. Izan ere, hitz horiek, argi eta garbi, indarkeria matxista eta bortxaketaren kultura sustatzen dute.

Horrelakoak ozen eta milaka neraberen aurrean zabaltzeak, udalak diruz lagundutako ekitaldi batean, ondorio zuzenak ditu. Emakume taldeek, mugimendu feministak, udalak berak, erakunde publikoek eta hainbat taldek eta elkartek indarkeria matxistarekin eta sexu erasoekin amaitzeko egindako lana bete-betean oztopatzen baitute. Areago: emakumeak gizonen jabetzako objektu hutsal gisa aurkezten gaituzte, bortxaketaren kultura hauspotuz. Eta hori, argi eta garbi esan behar da: emakumeen aurkako indarkeria da.

Horregatik, eta ekitaldiak udalaren babesa izan zuela jakinda, benetan larria da kontua. Ekitaldia ezin da neurtu bildu zuen jende kopuruaren arabera, milaka neraberen eta gazteren artean zabaldu ziren mezuek hori guztia iluntzen baitute. Honen aurrean, idatzi hau sinatzen dugunok Zarauzko Udalari erantzukizuna eskatu nahi diogu, eta dagozkion azalpenak eman ditzala.

*Idatzi hau Zarauzko Parekidetasun Udal Kontseiluko kide hauek sinatzen dute: Ana Sarasola Mujika, Marije Zumeta Iraolagoitia, Edurne Iribar Sorazu, Maite Lizartza Urrestarazu, Koldobike Muniain Agote, Ana Ballestero Marcos, Arantza Berazadi Aldabaldetreku, Elena Ayerbe Gartxotenea, Leticia Eizagirre Altuna, eta Zarauzko Bilgune Feminista, Zarauzko Sare Feminista, Oneka-Emakume Pentsiodunen Elkartea eta Zarauzko Batukada Taldea.

Artikuluak
Jesús González Pazos
2019/09/17
Júlia Martí Comas
2019/09/17
Antonio Alvarez-Solís
2019/09/16
Gutunak
Laura García Iruretagoyena
2019/09/17
Koldo Urrutia | Euskararen Jatorria elkartea
2019/09/17
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2019/09/17
Pedro Mari Usandizaga Añorga | Ondarroa
2019/09/17
Azken post-ak
Martin Garitano
2019/09/17
Martin Garitano
2019/09/16
Fito Rodriguez
2019/09/15