Esteban Serrano

M-7 Uribe Kostan, porrota ala garaipena?

Batzuk pasa den igandeko parte hartzearen datuak txarrak direla pentsa dezakete batez ere komunikabideek, baita komunikabide lokalak ere, «Uribe Kosta no llega al %20 de participación» bezalako titularrak argitaratzen dituztela ikusita.Normala da gure datuak egun berean egin diren herrietako datuekin alderatu nahi izatea, baina alderatu genezake Plentzia-Gorlizko errealitate politikoa edota abertzaletasun maila Aulesti edo, hain urruti joan gabe, Lemoizkoarekin?

Badira herri ekimen batetik jaiotako herri galdeketa bateko datuak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetakoekin alderatu dituztenak ere. Normala da aurrekari eza, horrelakorik ez dela herrian sekula egin alegia, kontuan hartuta. Horrela izanda orain arte egindakoak ditugu alderagai bakar, denak «ofizialak», binkulanteak, instituzio ezberdinek antolatuak etabar. Baina alderatu genezake komunikatiboki Eusko Jaurlaritzak edo Espaniar Gobernuak egiten duen «lana» (teleberriak egunero hauteskunde kanpainarekin hasiz, debateak astero emitituz, erkidegoko markesina guztiak hautagaien aurpegiarekin apainduz...) herritik jaioatako herri mugimendu batek egin dezakeenarekin? (Pankartak, kartelak, ahoz-ahokoa eta ideia original eta batez ere merkeren bat eginez gehienez jota...).

Normala da ere, edozein galdeketa edo hauteskunde burutu ostean datuak aztertzeko joera izatea, alde kuantitatiboari eutsiz eta horren ondorioz alde kualitatiboa alboratuz. Nik ordea, beste gogoeta bat egitearen beharra ikusten dut: zelako lanketa egin da horrenbeste urtez borrokan egon diren alderdi, sindikatu, herri eragile edo gazte antolakundeetako ordezkari edo militanteak mahai berean eseri eta elkarrekin dinamika ezberdinak habian jartzea ahalbidetzeko? Zelako lana PNV eta Ezker Abertzalearen arteko horrenbeste tirabira egondako aste baten bukaeran berriro elkar ikusi eta elkarrekin hauteslekuak prestatzeko?

Horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi dizkizuet galdeketa egunean bolondres lana egiteko zuen burua eskaini zenutenoi, baina batez ere hilabete luzez (baita urte luzez ere) lanean ibili zareten guztioi. Helburua ardatz, elkarlana sustatu eta igandean bizi izan genuena posible egin zenuten guztioi. Eskerrik asko lan horri eutsi diozunei askotan etsipenari aurre egin behar izanez, beste batzutan militantzia kide, alderdi kide edo alderdia berarekin eztabaidatu behar izanez. Eskerrik asko gaztetxo askok euren buruei bizitzan lehenengoz independentistak ote diren galdetu behar izatea eragin izanagatik. Eskerrik asko herri honekiko harrotasuna piztearren, Plentziarra eta Euskal Herritarra izatea ohore bat baita Estatuari eta mundu osoari horrelako lezioak ematen dizkiogunean. Eta eskerrik asko gehien bat, lehen pauso txiki-erraldoi eta ezinbesteko hori emateagatik. Oraingoan ez naiz herri galdeketaz ari, aniztasuna elkarlanean jarri izanaz baizik.

Mila esker bihotzez.

Bilatu