Alaitz Amondarain Oronoz eta Unai Narbona Beitia - Indar Baskonia, Iraultza 1921, Gasteizko BDZ taldea

Maccabi, CAF eta kirol legea

Joan den azaroaren 14an behean sinatzen dugun taldeok urteroko hitzordua genuen Maccabi eta Baskoniaren arteko partidan. Hamar urte baino gehiago daramagu israeldar taldearen presentzia anormala salatzen. Hamar urteotan, kirol legearen aitzakian, maiz jasan ditugu adierazpen askatasunaren aurkako erasoak: palestinar ikurrak, puxikak edota esku orriak kentzea, isunak, kolpeak... Aurten berriz ere salaketa publikoa egin beharrean gaude, ez baikaude amore emateko prest.

Partidaren bezperan jarri ziren gurekin harremanetan eta esan ziguten, behean duzuen informazioa banatuz gero, salaketa izango genuela (eta ezagutzen dugu salaketa horrek euro askotako isuna ekarriko ligukeela).

Beharbada, aurten gure salaketaren jomuga euskal enpresa bat izateak ekarri du debeku berria. Bada, Eusko Jaurlaritzaren zentsuraren aurrean, zabaldu dadila gure salaketa:

Berriz ere Euroliga txapelketaren bidez etorriko zaigu Israelgo ordezkaria, Maccabi:

- 2009an Gazaren aurkako sarraskian Israelgo armadari babesa ematera joan zen Maccabi.

- 2014an Cleveland Cavaliersekin israeldar armadaren alde lagunarteko partida antolatu zuen Maccabi.

Gero esango dute: «Kirola ez da politikarekin nahastu behar»; baina guri ez digute «Israeli Boikot» idatzirik duen pankarta bat ateratzen uzten. Bitartean, Beasaingo CAF enpresaren jabeek –enpresako langileen batzordearen eskaeraren kontra– Jerusalemgo tranbia eraiki nahi dute ilegalak diren koloniak elkarlotzeko. Beste hainbat enpresek lehiaketatik kanpo geratzea erabaki duten bitartean «euskal» enpresa honek palestinar herriaren apartheidari lagundu nahi dio.

Herrien arteko elkartasuna ala herriak txikitzeko kapitalismoa

CAF, utzi bertan behera apartheidaren tranbia!

Bilatu