Garazi Zalbidea

Maradonari buruz egin den irakurketa askoren harira…

(Honek ez du zerikusirik Maradonaren heriotza dela eta doluminak adieraztearekin, baizik eta bere figura idolo bezala goraipatzearekin)

Nazia izango balitz, inork ez luke honen “kirolari” edota “iraultzaile” (iraultzaile?) aldea miretsiko. Nazi bat delako, beste edozerren gainetik. Naziak gure etsaiak direlako (eta eskerrak hau identifikatzeko gai zareten). Baina kasu honetan ez da nazia, tratu-txar emailea baizik. Eta tratu-txar emaileak zuentzako ez dira etsai. Benetan mingarria.

Ez etorri esaten beste fazeta asko zituela eta pena ematen duela alde guzti horiek ahazteak. Emakume bezala, harreman oso estuak hautsi behar izan ditut, nire burua maite ditudan (bai, maite) gizonengandik aldendu behar izan dut. Eta ez dakizue zein mingarria den hau. Bizitza osoan alboan izan duzun gizon bat tratu-txar emailea dela ezagutzea eta hori lehen pertsonan bizitzea. Baita zein mingarria ere (bai, mingarria) harreman horrekin haustea, nahiz eta jakin zer duzun alboan. Eta zein bakarrik gauden prozesu honetan. Hau bai dela mingarria eta zaila. Zaila oso.

Beraz, mesedez, ez etorri esaten zuen idoloa izan dela betidanik eta oso konplikatua dela miresmen hori alde batera uztea. Ez esan ez zaretela gai. Ez zaretelako gai zapaltzailearen aldean zaudetelako eta aukera duzuelako hori ez egiteko. Guk ez dugun aukera, gu biktima garelako eta badakigulako hau ez dela grisetan galtzeko kontu bat. Gurekin edo gure kontra zaudete. Nahikoa da.

 

Bilatu