Ibai Gabarain eta Ane Jiashu Ibarrola | Frantzisko Deuna eskolako 6. mailako D ereduko ikasleen izenean

Martxoak 15

Egun on irakurleok,

Gu Iruñeko Frantzisko Deuna eskolako 6. mailako ikasleak gara. Gaur klimari buruz hitz egin nahi dizuegu, zehazki pasaden ostiraleko egunari buruz, martxoak 15, Klimaren aldeko Nazioarteko Greba Eguna izan baitzen.

Klasean talde-lan bat egin dugu eta gure interesa Greta Thunberg izeneko neska suediarrari buruz irakurritako artikulu batek piztu zuen. Greta Thunberg 16 urteko nerabea da eta aldaketa klimatikoaren kontrako manifestaldiak burutzen hasi zen ostiralero Estokolmoko parlamentuaren aurrean eseriz eta pankarta bat irekiz. Haserre eta kezkaturik dago gobernari eta politiko boteretsuek ez dutelako nahikoa egiten aldaketa klimatikoari aurre egiteko.

Egunez egun institutuko jendea batzen hasi zitzaion eta mundu mailan ezaguna bihurtu da bere protesta, gaztetxoen artean bereziki.

Guk ere gure modura egin genuen greba joan den ostiralean, jendeak ikus zezan neska honek zer egiten duen.

Horregatik, idazki honekin irakurleak kontzientziatu nahi genituen. Zuek ere guzti honetaz ohartu zaitezte! Mundua suntsitzen ari da eta orain da hau aldatzeko momentua. Hamar urteko epea eman digu zientzia klimatikoak. Guk geuk ere ohiturak aldatzen ez baditugu eta deus egiten ez badugu, ez dugu atzerabueltarik izanen eta urte gutxi barru hondamendia gertatuko zaigu.

Ez badakizu une honetan zer gertatzen ari den, ez zara gertatuko denaz kontziente.

Bizitzak zure bidea oztopatuko du, baina mugak zuk zeuk jartzen dituzu.

Iraganaren berrerabilpena, oraina birziklatu eta etorkizuna salbatzeko.

Ingurumena, ni ez naizen guztia da.

Bilatu