Maite Otsoa eta Garazi Macho

Metroko baranda

Nola erantzungo zenuke «koronabirusak» ehun euskaldunetik gora hil dituela esango bagenizu? Ez genuke zalantzarik izango beldurra sentituko zenukeela esateko. Beldurra. Gertatu ez diren gauzengatik beldurra sentitzera ohituta gaude. Emakumeak, aitzitik, benetan existitzen den beldur batekin bizitzera behartuak izan gara. Aurten, dagoeneko, bakarrik Espainian hamazazpi emakume izan dira genero indarkeriaren biktima mortalak. Hala ere, koronabirusa da gure arreta deitzeko gauza den gai bakarra.

Asko dira koronoabirusaren aurka hartu diren neurriak eta momentuz, herritarrok zalantzan jarri gabe jarraitu ditugu. Dirudienez, gure arteko distantzia mantentzea premiazkoa da birusaren hedaketa saihesteko eta segurtasuna bermatzeko, eta gobernuek ikastaro eta laguntza saio anitz eskaini dizkigute. Aldiz, zergatik ez zaie harrapakari sexualei distantzia berdinak mantentzeko eskatzen? Non dago horrenbeste behar dugun heziketa sexuala?

Galdera hauek erantzun errazak dauzkate; edozelan ere, osasun arau hauek ezarri dituztenek ez dute kale bakarti batetik iluntasunean ibiltzearen beldurra haien azaletan sentitu. Guri, eta ez haiei, inposatu dizkigute gizarte honetan babestuta bizi ahal izateko beharrezkoak diren legeak, nola jantzi, norekin joan edo zenbat edan behar dugun esanez.

Honegatik guztiagatik, eta nahiz eta arraroa iruditu, beldur handiagoa sentiarazten digu gure etxerako bidea bakarrik egitearen ideiak metroko baranda zikina ikutzeak baino. Jadanik urte asko daramatzagu babestuak izateko neurriak hartzen, baina inork ez du inolako neurririk hartu gu erasotzeari uzteko.

Bilatu