Jose Antonio Villar, Jesus Eizagirre, Miren Laka eta Joseba Azkarate

Mikel Arrieta Iraolari erantzuna

Iruña-Veleian zientziak ez du oraindik ezer ebatzi!

Mikel Arrietak argitaratutako gutunean dio, zientziak jadanik hitz egin duela eta faltsuak direla ebatzi duela.

Grafitoak faltsuak direla dioten sei txostenen aurrean egiazkoaren alde hogei baino gehiago daude, gaur arte inork zalantzan jarri ez dituenak.

Horiez gain, munduko arkeologia modernoaren sortzailea den Harris Doktorearen irizpenak, zein Henrike Knörren eta Txillardegiren gutunek ere, egiazkoak izan daitezkeela iradokitzen dute.

Grafitoak faltsuak direla dioen IPCE-Ministerio de Culturako txosten baten aurrean (Navarro), erakunde bereko beste txosten batek ez du inon esaten egiazkoak ez direnik (Antelo).

Grafitoak faltsuak direla dioten (eta Aldunditik kontraturen bat duten) arkeologo batzuen iritziaren aurrean, Bibat Museoko berriztatzaileentzat, mikroskopioz aztertu ondoren, egiazkoak dira.

Grafitoak faltsuak direla dioen teknikariak (Navarrok) ez du eskarmenturik lan hauetan, bere laborategiak ere ez, eta erabili duen metodoa ez du inork orain arte munduan erabili.

Gainera, metal modernoen presentzia «frogatzeko» erabili zuen metodoak ez du ziurtatzen metal moderno horiek ostraken balizko faltsutzean gehitu direnik, kontzentrazio baxuegitan daudelako eta kutsadura edo manipulaziotik etor daitezkeelako.

Eta gutxi balitz, faltsuak direla diotenek hondeamakinaz itzelezko triskantza egin zuten, balizko beste froga batzuk baliogabetuz.
Guzti horren aurrean «zientziak hitz egin du jada» esan daitekeela uste duzu?

Mikel jauna, prest egongo zinateke Osakidetzako ospitale baten ebakuntza bat egin behar badizute, eskarmenturik ez duen mediku batek egitea, horrelako ebakuntzarik inoiz egin ez duen ospitale baten egitea eta gainera, beste inork erabili ez duen eta zalantzan dagoen metodo bat erabilita?

Bilatu