Garbiñe Etxaburu | Hondarribiko Sortuko militantea

Mina bihotzean

Bai, hori da sentitzen dudana Hondarribiko Ezker Abertzaleko emakumeen multzo batek hartu duen jarrerarekin.

Hemezortzi urte daramatzagu herrian, andre eta gizon, jaietan ere berdintasuna defendatzen, eta aurten Sortuko zinegotzi batek andreei parte hartzen uzten ez dien alardean ez desfilatzeko konpromezua hautsi eta desfilatzea erabaki duenean, gure orain arteko printzipio, arrazoi, borroka, dena hankaz gora bota eta zinegotzi horren erabakia defendatzen. Gizonak ere bai, baina, ni emakumeei buruz ari naiz.

Basoko zuhaitzen adarrak kontatzen gelditzen bagara benetako arazoa ikusi beharrean, nork defendatuko ditu gure arrazoiak geu elkartu eta defendatzeko kapaz ez bagara? Zergatik orain arte erabili ditugun arrazoiak ez dute gaur balio? Zergatik andreei desfilatzen uzten ez dietenen argumentu bera erabiltzen da zinegotzi hori babesteko?

Emakumeok jai dugu gauzak garbi ikusi, elkartu eta horren arabera jokatzen ikasten ez dugun bitartean

Esan bezala, bihotzean min handia daukat andreengatik.

 

Bilatu