Joseba Barriola

Mozorrogintza

Inauteriak. Otsailaren 14ean, larunbat goizean, Pentsamendu Kritikoaren Foroaren gosarian Mario Zubiaga tolosarra izan genuen gurekin. Ezinbestez, mozorrogintza gai harturik hasi zen estatugintzari buruzko azalpenak ematen.

Inauterietako mozorroak azterketa sakon baterako gaia eta denbora-pasa alaitsua izan daiteke. Egunerokoan izkutuan gelditzen diren desioak, aldarrikapenak, emozioak eta grinak, ortzimugak eta etsipenak agerian jartzeko abagunea.

Mozorrotan agerian jartzen da eta publiko, hau denontzat, egiten dira aldarrikapenak: Txorizoz jantzia dohanak zer esan nahi digu? Fantasiazko printzesaz jantzia doanaren sakoneko fantasia zein da? Mutil gonza motz eta titi-handiak zer aldarrikatzen du? Eta zer adierazten du mozorrorik gabe dohanak? Adibideak mila dira. Agian, mozorrotua dihoanarentzat ere, bere mozorroa «adierazle hutsa» da! Eta ikusle bakoitzak betetzen du hutsa dagoen adierazlea! Horrela, mozorrogintza ihauterietan... amesten dugun bizimodu aske baten pintzelkadak! Eta horien aldeko aldarrikapen ixila edo zaratatsua dira! Hau da estatugintzaren lehen urrats bat.

Bainan mozorroak badu, inauterietatik kanpo, bere bizitza propioa. Bada, adibidez, estatu-biolentzia mozorrotu bat. Hain dago mozorrotua, beraren gogorkeriaz konstziente izatea ez dela hain erraza. Bourdieux irakasleak «biolentzia simbolikoa» deitzen zion horri. Biolentzi mozorrotua da, funtsean, dominazio harremanak gauza naturalak bezala aurkeztea. Mapak, adibidez. Zer naturalagoa baino Bidasoako muga mapa guztietan jasan behar izatea? Ez al dira Pirinioak, berez eta modu naturalez, muga bat? Gipuzkoako Diputazio-etxean gainaldean agertzen dira gipuzkoar eredugarri batzuk. Zer naturalago Probintziaren seme-kuttunak: Elkano, Txurruka, Legazpi... eta Peñaflorida Kondea eta Narrosekoa horrela balioestea? Irakurri al dituzue Maria Cristina Hotelaren alboko parkean dagoen Elkanoren harrirudiaren azpiko hitzak? Venezuelako beltza esklabuen eta Mexikoko indioen aurkako biolentzia sinbolikoa baizik ez dira. (Bide batez geure izatearen ikuspegi degradatzailea).

Jakina da hemen torturatzen dela. Torturari demokrazia mozorroa jartzen zaio gainetik. Eta mozorroa ikusita, azpiko tortura desagertu da. Diskurtsoak biolentzia sinbolikoan oinarrituak daude. Historia ofizialak (batzutan Euskal Herriko historia ofizialak ere) iraganaren gainera botatako estalki-mozorroa baizik ez dira. Iraganeko boteretsuekiko enpatia sorrarazteko idatziak daude, eta horrela, iraganeko boteretsuen ordezkoekiko (gaur egungo boteretsuekiko) empatia-transmisioa ematen da. Iraganeko biolentziaren gain eraikitzen da oraingo historia idatzitan indarrean dagoen biolentzia sinbolikoa.


Biolentzia mozorrotu edo sinboliko honen punturik gailurrenetako bat hauxe da: guztion imaginarioan txertatzea unibertsaltasunaren monopolioa estatuak duela. Hau da unibertsaltasunera jauzi egin nahi badugu, dagoen estatu espainol edo frantzesetik, eta espainol eta frantzes hizkuntzatik igaro beharra dagoela. Biolentzia sinboliko honek laburbiltzen du geure buruarekiko, geure herriarekiko, geure hizkuntzarekiko jarrera baztertzaile eta mespretxatzaileak.

Biolentzia mozorrotu honek funtziona dezan bi gauza dira garrantzitsuak. Lehenik, herritarren artean «ez-jakintasun nahikotasun maila» mantentzea (Ez ezagutu iragana, gaizki ezagutu, komeni dena ezkutatu, atentzio fokoa manipulatzea etabar.). Bigarren, ikuspegi ofiziala mantentzea saritu (erosoago da, abantailak ekar ditzake... «versión oficial» delakoa ontzat ematea). Adibidez, errepikatuz: torturaren kasua.

Inauteriak joan ziren, bainan orain garizumaren erdian, Foroaren bigarren saioa: Globalizazio kolapsakor honetan burujabetzaren lekua. Martxoak 14.

Bilatu