Idoia Arrillaga Agirre, Mutriku

Mutrikun «arazo teknikoak», zuen herrietan ere bai?

Badira urte mordo bat Mutrikun portua-hondartza-dikearen inguruko proiektua zela eta gizarte arrakala zabaldu zela, eta ondorioz proiektuaren aurka talde ezberdinak –Santakarra Bizirik, Hobetu Leike– sortu eta desagertu ziren bezala, Berdeak+Independenteak herri plataforma ere politikara salto egin zuen orain dela 16 urteko udal-hauteskundetan obraren aurkako iritzia plazaratuz.

Aurtengo udal-bozetarako aurreko hilabetetan esanguratsua izan da Danborzaleak taldeak abenduan bultzaturiko herri-erreferenduma, non jaso ziren 871 bozetatik 819 herritar kanpoko dikearen ez luzatzearen alde agertu ginen. Orduan abstentzioaz eta partaidetza txikiaz hitz egin zen, baina herritarren iritzi eta ariketa demokratiko argia hor jasota gelditu da hurrengo belaunaldietarako. Gerora, dikea luzatzeko obrak «arazo teknikoengatik» udaberrian gelditu dira, eta herritarrak informazio garbi eta zehatzagorik gabe jarraitzen dugu…

Eta maiatzeko udal hauteskundetan ere abstentzioaz gain boto zuriak eta baliogabeak sendotu direnean zinegotzi zenbakiak mantendu dira: EH Bildu nagusitu da 1207 botoekin 7 zinegotzi (2019an, 1396 bozka), bigarren EAJ 892 botoekin bost zinegotzi (2019an 1076), hirugarren Berdiak Equo 326 botoekin zinegotzi bakarra. D’Hont legearen eraginez kandidatura txikiak aukera gutxirekin gelditzen gara alderdi nagusien aurrean, adibidez nahikoak izango ziren beste 19 bozka Berdiak 2. zinegotzia lortzeko. Hortxe aukera! Hauek ere arazo teknikoak ote?

Berdiaken ez dakigu Mutrikun zeinek bozkatzen duen eta zeinek ez, betidanik erabakita baitaukagu hautets-mahaietan ez garela erroldan izen-abizenak apuntatzen egon behar, hori kontrol-sozialerako tresna dela deritzogu, bakarrik zenbaketaren unean parte hartzen dugu. Beraz, izan daiteke herriko neska-mutil gazteenek beraien aldarrikapen edo deskontetua adierazteko abstentzioaz baliatzea, edo berdin pertsona helduagoek ere. Nork daki? Gainera guk hauteskunde astean bertan herritarrekin ez dugu bilerak burutu zerbait galdetu edo/eta eskaintzeko. Oraingoz gurea ez da kea saltzea, gauzak argi eta garbi esaten ditugu. Arazo teknikoa?

Bilatu