«Nafar establishment»-a eta euskara
‘Diario de Noticias de Navarra’, euskaltzale inspirazioko komunikabide bezala, 1994ko apirilaren 8an jaio zen, “Navarra Hoy” egunkaria aitzindaria izanik, baina bere kazetaritza ibilbidean zehar, jatorrizko «idearium»-aren piltzarrak galduz joan da. Horrela, Barcinaren eta Jimenezen dibortzio ideologikoa suertatu ondoren, “Diario de Noticias”-ek, estrategia merkantilista berriari ekin zion, « euskararekiko desatxikimendua» delakoa, Nafarroako ideologia ezkertiar eta errepublikanoko irakurle segmentua bereganatzeko asmoz. Ondorioz, “Diario de Noticias”-ek, bere edukiak idazteko «monokromatismo idiomatiko» delako doktrina berria ezarri zuen, hots, gaztelania, bere deriba ideologikoaren efektu kolateral gisa geratuz. “Noticias de Navarra”-ren idearium berriaren ezaugarri esanguratsuenak lirateke «Barcinaren gobernu minoritario eta jazarlea eraisteko» eta «PSN-Nafarroa Bai-IU multzoak osatutako aurrerabideko gobernu hipotetikoarekin ordezteko» asmoa, eta horrekin batera, berezko edukien ekoizpenetik euskararen erabileraren baztertze nabaria. Hori dela eta, Nafarroako «aurrerabide gobernu» horren inplementazio hipotetikoak gaur egun indarrean diren «klixe idiomatikoak» errepikatuko lituzkeela ondoriozta daiteke, gaztelaniaren eta ingelesaren erabilerari eta sustapenari lehentasuna emanez. Bestalde, UPNk 1986an ezarritako «Ley del Vascuence» legeak indarrean jarri zuen zonifikazio linguistikoa behin eta berriz mantentzearen alde egin dute Nafarroako Parlamentuan «gehiengo absolutua» duten alderdiek —UPN eta PSN–. 2010eko otsailaren 18an Euskararen Foru Legearen aldaketa bakarra onartu zen, eta haren bidez, Iruñea hegoaldeko hainbat udal (Galar, Belaskoain eta Aranguren) «eremu mistora» pasatu ziren. Barcinaren gobernuaren gaurko bakardade politikoa ikusirik, egoera aproposa da zonifikazio linguistikoaren aldaketa berria erdiesteko, Nafarroako zona linguistikoen gaurko kartografia birdiseinatzeko. Horri esker, D ereduko ikastetxeen mapa erradiala hedatuko litzateke. Zeren Nafarroa Oinezen oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada ñimiño bat gertatu bada ere. Laburbilduz, gauzak aldatzen ez badira, epe ertainera euskararen kartografia txikituko da, foru lurraldean barreiaturik dauden uhartetxo ideologiko edo sentimentaletan eta Nafarroako ipar-mendebaldeko eta ekialdeko ohiko zokoetan «preso» geratuz. Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia edo «fosilizazioa» saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi. Gainbehera hori ekiditeko, euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izateko eta Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin.