Fermintxo Zabaltza Aleman, Iruñea

Nafarroako transen memoria historikoa

Egun, ezkerreko zenbait sektorek auzitan jartzen dituzte transen eskubideak, eta, horregatik, gustatuko litzaidake gogora ekartzea Ivan Garderen oroitzapen batzuk. Ivan Garde aitzindaria izan zen transen eskubideen aldeko borrokan Nafarroan, eta batez ere berak bultzatu zuen 12/2009 Foru Legea, Transexualen Eskubideak Aitortzeari buruzkoa:

«Gogoan dut: 90eko hamarkadan ezagutu nituen lehenbiziko emakume transexualak: gasolindegi batean aritzen nintzen lanean, eta hara joaten ziren kafea hartzera, ez baitzieten beste inon sartzen uzten. Gauez bizi ziren, ez ziren ausartzen egunez ateratzen; izugarrizko beldurra zuten. Ez zieten uzten sartzen dendetan, hoteletan eta abarretan. Iruñean, toki bakarrean ematen zieten ostatu: Marrano ostatua, edo Marceliano ostatua... gizon zahar batek eramaten zuen. Eraso egiten zieten, baita beren familietan ere. Prostituzioa izaten zuten lanerako aukera bakarra. Adikzio-problemak izaten zituzten. Gaur egun, haietako gehienak hilik daude. Gizon transei dagokienez, ez ginen existitzen ere (ironiaz)».

Zorionez, dena hoberako aldatu da (lehenik eta behin, emakume aitzindari haiei esker): haur transek, askotan, babesa jasotzen dute familiengandik, ikastetxeengandik eta hainbat elkarterengandik: Naizen, Euforia, Chrysallis... Dena hobera joanen ahal da, atzerapausorik gabe!

Bilatu