«Neu ere han egon nintzen»
Horixe da nik 2020. urtean esan nahiko nukeena. 2014ko ekainaren 8an, egun historiko hartan, neu ere han izan nintzen, giza katean, etorkizuna gure esku zegoela aldarrikatzeko. Eta egun hartan Gure Esku Dago dinamikak herriz herri abiatutako mugimenduari esker, gaur, 2020an, gure etorkizunaren jabe gara.
Ekimen honetan modu aktiboan parte hartzeko hiru arrazoi nagusi izan ditut: batetik, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea, bestetik herritarrek bultzatutako dinamika izatea eta, azkenik, aniztasuna. Getxoren kasura etorrita, hainbat alderdi politikotan eta mugimendutan murgilduta dagoen jendearekin batera etiketatu gabeko pertsona ugari elkartu gara lan taldean, eta hori, bereziki pozgarria da, dinamikak duen aniztasunaren adierazle delako.
Iritzi politikoetatik haratago badugu elkartzen gaituen aldarrikapen komun bat, erabakitzeko eskubidea, alegia. Konnotazio guztiak kendu eta bere burua demokratatzat duen edonork babestu beharreko eskubide demokratikoa dela ozen esan nahi dugu, eta, beraz, inor ez dago soberan.
Egun bizi dudanarekin pozarren nago. Bereziki zirraragarria egiten zait 73 urte dituen nire aitaren ilusioa ikustea. Herri honekiko konpromisoa erakutsi du betidanik baina Gure Esku Dago dinamikarekin inoiz ez bezala hunkituta ikusten dut. Eta bera bezala beste horrenbeste herritar.
Herri honetan ‘Berpizkunde’ berri bat abiatu da. Inoiz baino biziago gaude eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula oihukatu nahi dugu. Horregatik, ekainaren 8an denok giza katera!