Jon Kortazar

Okaztagarria!!

Okaztagarria!! Horixe, ez du beste izenik agintari espainiarren (eta frantsesen) jarrerak eta hipokrisiak 2012 Eurokoparekiko, edo hobeto esanda honen ukrainiar antolatzaileekiko eta Ukrainarekiko izan duten jarrera. Okaztagarria eta zuria. Espainiar Estatuak Europatik diru-mailegu itzel, latz eta katez betetakoa jasoko zuenaren berria jakin zenean, han ikusi genuen Gobernuko presidentea Gdansken (Polonia)saltoka eta txioka, herritarren, langileen eta behartsuen patuak bost axola zaiola argi erakutsiz. Haatik larunbatean espainiar gobernukideek publikoki adierazi zuten Ukrainiako Donetsk hirira ez zela inongo ordezkari diplomatikorik joango. Horren arrazoia? Ukrainak herrialde hortako lehen ministro ohi Julia Timoxenko ustelkeria dela eta zigortu duelakoan, Europar Batasuneko agintariek, Merkeli jarraituz, Eurokopan Ukrainaren aukako boikota adierazi izana. Hara ba! Euren Estatu barnean alderdi politikoak, gazte erakundeak, egunkariak, herri-mugimenduak, kultur-erakundeak eta abar debekatu dituztenak, ehundaka preso politiko kartzelan dituztenak, milaka torturaturen odola eskuetan isurtzen zaienak, euskal lehendakarigai bat kartzelan mantentzen dutenak Europaren beste puntako politikari lapur baten «Giza Eskubideez» kezkaturik. Horrelakorik! Baina nor da Timoxenko eta zergatik antolatu da halako kalapita honen inguruan? Julia Timoxenko 1991ean (SESB erori zeneko urtean), gas-enpresa estatalen arduradunetako bat zen. 1991ko hondamendia eta pribatizazioa baliatu zuen zuzentzen zuen enpresa «erosteko» (lapurtzeko) eta hala aberasteko (SESB ondoko kleptokrazia tipikoa: herri ondareaz aberastea). 90 hamarkada bukaeran sartu zen politikan. 2004an izan zuen tontorrera igotzeko bere aukera: Mendebaldetik finantzatutako operazio erdi-kolpista bati esker, prentsan «Iraultza Laranja» izen lirainez ezaguna izan zen horren bitartez (talde mediatiko handiek noski, «demokratez» jantzi zizkiguten Timoxenko eta enparauak). Haren Gobernuak (alderdi eskuindar eta ultraeskuindarrek osatutakoak) Ukrainaren garaiko historian, bizi-kalitateari dagokionez emaitzarik txarrenak ateratakoa da, desberdintasun sozialak handitu ziren,emigrazioa, pribatizazioak… Hori bai, II Mundu Gudan alemaniarren eskutik sobietarren kontra borrokatu zuten kolaborazionistak «Ukrainako heroi» izendatzeko denbora izan zuen, eta baita Errusiari gasa lapurtzeko eta «gasaren guda» deitutako hori pizteko ere (Mendebaldetik Errusia egin zuten errudun, noski). Gero egindakoa «konpondu» behar eta Errusiarekin gasaren berrezarpena negoziatu zuen. Ezin txarrago negoziatu ere: errusiar gasa «lagun-prezioan» zuen Ukrainak, orain, Errusiatik urrunago dauden eta honekin lotura historiko-kultural gutxiago duten herriek baino gehiago ordaintzen du. Baina honek azalpena badu: noski, Timoxenko politikaria izan aurretik gas enpresaria da; eta Ukrainaren eta norbere buruaren artean… Hori da europar agintariak hainbeste kezkatzen dituen «demokrata» (orain Ukrainan boterean gustukoa ez duten alderdi bat egoteak, kontzientzia horiek «Pizten» lagundu du, noski). EBko agintarien arabera, ukrainar epaileek lapur eta ultraeskuindar hau zigortu izanak Ukrainar Estatua «antidemokratikoa» eta «autoritarioa» eta ez dakit zer gehiago dela frogatzen dute. Eskema kolonial klasikoa jarraituz, munduko jendarmeen gustokoak ez diren politikak daramatzaten dituzten herrialdeak «kondenatzeko» nahia besterik ez dago, eta zer hoberik «errebelde» horiei «demokraziaren» inguruko ikasgai bat ematea baino? Hainbeste sarraski egin dituen eta orain Grezia esklabotzara zigortzen duen Mendebaldeko Europak «demokraziaren» inguruan halako ustezko monopolioa izatea, eta horren arabera praktika kolonialekin jarraitzea tristea da. Sasi-demokrata jendarmeen akelarre horretara bere ziegetan, politika egitearren (eta ez lapurtzearren) Arnaldo Otegi lehendakarigaia kartzelan duen Espainia batzea, aldiz, oka egiteko modukoa da.

Bilatu