Olarizu maite dugulako
Agian irakurle gehienek ez dute Olarizu ezagutuko. Gasteizko hegoaldean kokatzen den mendia, hiriko eraztun berdearen parte eta Gasteizko Mendietarako sarbidetako bat da. Garaiera apalekoa izan arren, gasteiztarrontzat ederra eta haren magalean bisitariak naturaz lasaitasunez gozatzera erakartzen dituen zelai berdez inguratuta.
Gertuko auzo batean jaiota, txikitatik ezagutzen dut Olarizu. Agian bertan jaio zen nire mendizaletasuna. Ohikoa den moduan, hasieran beheko zelaietan arreba eta gurasoekin jolasean, tontorrera igotzea erronka handiegia zen garaian. Gero, aitak mutur batetik hartutako makilari esker eta ni kontrako muturrari helduta, gurutzeraino igotzen. Eta gaur egun korrika saio edo itzulinguru lasaiekin.
Izan ere, Olarizuko mendian eta zelaietan disfrutatzeko modu ezberdinekin hurbiltzen da jendea bertara: txakurrarekin paseo bat ematera, lagun artean hitz egitera, eguzkia hartzera, irakurtzera, kirola egitera... eta beti ingurua errespetatuz, bertan bizi diren animaliak eta hazten diren landareak ahaztu gabe.
Tamalez, aipatu ditudan zelaietako batean labirinto bat egiteko asmoa du Udalak. Turismoa erakarri nahi du nonbait, orain arte eman zaion erabilera txukuna eta jasangarria arriskuan jarriz. Turismoaren aitzakia ahula erabilita, labirinto bat jarri nahi dute dagoeneko naturala eta zuhaitzez beteta dagoen gune batean. Turismo hitza ez da berez kezkagarria, baina, zer turismo mota? Naturarekin bat egin eta ingurua errespetatuko duena? Edo jolas eremu soila aldarrikatuko duena, ondorio kaltegarriak aintzat hartu gabe? Olarizuk ez du turismo mota hori behar, ez dezagun jolas-parke batean bihurtu.
Olarizu maite dudalako adierazten dut nire kezka. Txikitako oroitzapenak egungo eta datozen belaunaldietan ikusi nahi ditudalako. Bertatik pasatzen naizenean jendea irakurtzen, paseatzen edo txakurrarekin jolasten ikusi nahi dudalako. Maite ditugun tokiak babestu behar direlako.