Jon Urruxulegi

Otarrainak eta ikastolak

Gabonak eta urte berriaren ospakizunak tristurak erabat erasanda igaro ditut. Jan ditudan langostinoak, otarrainaren hagin pusketatxo bat ere bai, arrain-zopa ezin hobea, arkumea, solomoa, beste hainbat eta hainbat jaki gozo irentsi eta hala ere ezin etorri neure onera. Aurreko urteetan gertatu ez zaidana, aurten iritsi zait. Ondo jan eta gaizki pasa. Baneukan halako puntapax moduko bat burmuinean iltzatua eta ezin erauzi. Nirekiko pentsatzen nuen ez ote nintzen aurkitzen masokista puntu batek jota. Ez, ezetz nioen nire baitan. Geroz eta gusturago aurkitu beharrean, hainbat eta hertsiago lotzen zitzaien nire pentsamentua Erriberari eta Ipar Euskal Herriari. Hauek burutik ezabatzen saiatu eta ezin. Ezin inola ere. Erriberako ikastolak eta Iparraldean Seaska kinka larrian aurkitzen dira finantziabideen aldetik. Begira, Espainiak 86 Cervantes Institutu mantentzen ditu atzerrian, besteak beste euskaldunon diru oparoarekin. Baina zer gertatzen da Euskal Herriak ikastolen hazkunde ez batere garestia ordaintzeko behar hainbat diru ez aportatzeko? AHT, azpiegitura munstroak, deportean dirutzak xahutzen ditugu eta ez gara gai ikastola berrien diru ziztrina ordaintzeko? Gogoan jaso gaur gurasoek ikastolan sartuko luketen haur erdalduna, dauden ikastolek beregenatu ezin dutena, betiko erdaldun geratuko dela. Hain zaila al litzateke euskal Gobernuek, Diputazioek, Udaletxeek, entitate pribatuek beharrezko diru apur hori egoki bideratzea? Batzuetan nola ez dira, ba, otarrainak mingotsak izango!

Bilatu