Pasaiako kaleetan bi Rambo solte dabiltza
Posiblea da inoiz ikusi eta ezertaz ezagutzen ez duzun hiritar batek bere kotxea gaizki aparkatzearen ondorioz zuk kartzelan amaitzea? Fikzioa dirudi baina Pasaian gertatu da.
2013. urtean emakume batek bere kotxea gaizki aparkatu zuen, bado batean. Udaltzainez jantzitako bi Rambo azaldu, kotxeari zepoa jarri eta garabiarekin autoa eramaten saiatu ziren. Emakumea bertaratu eta, isuna jaso ondoren, kotxea eraman nahi izan zuen, bere eskubidea zelako. Bi Ramboek ezetz, momentuan bertan ordaindu behar zuela isuna, bestela bazeramaten kotxea. Koakzioa, inolako babes legalik ez duena. Dena den, ordaintzeko prest zegoen baina inguruan kutxazainik ez. Udaltzainak tematurik, emakumea urduri, haren bi seme-alabak negarrez, eta inguruan jendea pilatzen. Ondoren eztabaida, garraxiak...
Azkenean emakumeari kotxea eramaten utzi zioten baina, oso haserre zegoenez, Udalera jo zuen gehiegikeria polizial hori salatzeko. Kexa udal idazkaria ordezkatzen ari zen langilearen mahaira heldu zen. Emakumeak isuna ordaindua zuen jada. Hala ere, udaltzain biek emakumea epaitegian salatu zuten, erresistentzia egin omen zielako. Jakina, Pasaian beraiek dira legea, ez idatzia dagoena. Hortaz, emakumea ere epaitegira jotzeko prest azaldu zen, udaltzainak salatze aldera.
Jarduneko udal idazkariak zeritzon irtenbide on bakarra bi aldeek bakea egitea izango zela: Udaltzainek atzera egitea bere salaketan eta emakumeak haiek salatu ez. Emakumearen abokatua bat zetorren akordioarekin.
Idazkariak bilera batera deitu zituen udaltzainak, tratua azaltzeko. Haiek lasaitu beharra zeukan, uste baitzuten, zurrumurruen arabera, udalak beraien gehiegikeria garesti ordaindu araziko ziela, disziplina-zigor batekin. Idazkariak, beraz, haiei bermeak eman nahian, dokumentu bat proposatzen die, beraien kezkak uxatzeko: errepresaliarik ez, baina emakumearen aurka jotzerik ere ez. Haien ordezkari sindikala ere lasaitu zuen, gaiari amaiera emateko akordio bat martxan zegoela azalduz. Idazkariak borondate onez jokatu zuen, jarduera oker baten ondorio gaiztoak ekidin nahian. Bukaera ona herritarrarentzat, ona udaltzainentzat.
Baina, bi Rambo pasaitarrek idazkariari ziria sartu zioten, eta nola. Bera eta alkatea epaitegian salatzeko erabili zuten idatzi hori, hotz-hotzean, sei hilabete geroago, interes ilunen zerbitzari gisa jokatuz.
8 urteko kartzela zigorra eta 10 urteko inabilitazioa eskatu zuten irtenbide hori beraiekin adostu zuen jarduneko idazkariarentzat, alkatearentzat eta, bidebatez, idazkari titularrarentzat. Leporatzen zietena: prebarikazioa eta justiziari oztopoak jartzea.
Ia lau urte iraun ditu akusatuen amets gaiztoak, lekukotzak, frogak, epaiketa eta errekurtsoa tartean. Lehen istantzian epaileak, Ramboen gezurrak oinarri, jarduneko idazkaria, Iker, eta alkate ohia, Amaia, kondenatu zituen urte beteko kartzelaldira eta 7 urteko inhabilitaziora. Baina ametsik gaiztoena hastear zegoen: fiskaltzak epaia ontzat eman bazuen ere, Ramboek ez zuten nahikoa. Odola nahi zuten. Haiek eta beraien atzean ezkutatzen direnek errekurritu egin zuten. Behin betiko epaia sinestea zaila zaigu: kartzelaldia bi urte t'erdira igo diete biei. Barrura doaz. Rambo biak gehiegikeriak egiten jarraitzeko libre daude.
Ez da epaiketa politiko bat izan baina EH Bildukoa ez den zein alkatek amaituko luke kartzelan horrelako tontakeria batengatik edo udal teknikari batengan dagokion konfidantza jartzeagatik? Eta nola azaldu udaltzainek lankide batenganako horrelako gorrotoa izatea? Burutik sano daude?
Animo, Amaia eta Iker. Pasaiako herritarren eskubideen alde lanean aritu zineten, zintzoki; baita kasu honetan ere. Harro gaude zuetaz.