Andoni Barreña Agirrebeitia

Pedro Miguel Etxenike Jaunari

Esan behar dut harritu egin ninduela Nafarroa Oinezen ekitaldian Elizondoan zure hitzalditxoan adierazi zenuenak. Baina, bihoazkizu nire zorionak, dudarik gabe, Nafarroa Oinezen eskainitako gorazarrea merezi baituzu.

Badakit bost minutuko mintzaldia mugatua dela, baina zure hitzen sendotasuna ikusirik, nahi zenuena aipatu zenuela begitandu zitzaidan. Euskararen estandarizazioaren bidean hiru esparrutako lagunen lana goraipatu zenuen, bereziki, zure iritziz, egindako ekarpena funtsezkoa izan zelako: Garaikotxea buru zuen EAJ-PNVren gobernuarena, Euskaltzaindiarena eta idazle-taldearena. Horraino ez dut dudarik, horrela izan zela iruditzen zait eta. Baina kontua da, nire ustez, zer ez zenuen aipatu; hortxe gakoa.

Zu baino lehenago, ekitaldi horretan Elizondoko bederatzi irakasle omendu zituzten, eta euren eledunaren hitzak datorzkit gogora (gutxi gorabehera): omendu behar gintuztela jakitean galdera bat etorri zitzaidan burura. Gu? Zergatik gu? Zergatik ez gurasoak, prozesu berritzaile honetan euren seme-alabak jarri zituztenak konfiantza guztia erakutsirik?

Kontua da euskararen biziberritzearen kontakizunean, nire ustez, ezin dela ahantzi herri-ekimenetik egindako ekarpena. Ezin dugu saihestu herritarrek, edo herritarren multzo batek, nahi duzun bezala, hasiera-hasieratik emandako babesa, egindako lana, eskainitako laguntza. Ez ginateke gauden tokian egongo herritarrek ez balute euskararen berreskuratzearen prozesuaren alde egin.

Badakit euskararen berreskuratzearen prozesuaren mahaiak hanka bat baino gehiago dituela, edo horrela ikusten dut nik behintzat. Badakit hizkuntzalari eta idazleen lana beharrezkoa dela. Badakit kudeatzaile politikoen lana ere beharrezkoa dela, eta hori argi ikusi da euskararen prozesuan, alegia, euskaldungoak botere-maila bereganatzeak nola eragin dion ekimenari. Baina hirugarren hanka ere beharrezkoa ikusten dut, ekintzaileen eta herritarren lana. Hiru erroak dira beharrezkoak mota horretako edozein prozesutan.

Egia da hasieran herritarrak ez datozela denak batera, apurka baino. Egia da herritar oro ez dela prozesura bildu. Baina ez ote da gauza bera gertatu da beste hanketako lagunekin ere?
Ez zitzaidan gustukoa egin hirugarren erroa ekiditea. Errespetuz esaten dizut. Bereziki egoera horretan herri-ekimena saihestea egin zitzaidan latza. Badakizu zergatik? Hiru argumentu emango dizkizut. Batetik, horrela izan zelako, halabeharrez gainera; ezin izango genuen hasi diktaduraren garaian herritarren laguntza barik eta herri-ekimenik gabe. Bestetik, badelako garaia belaunaldi berriei prozesuaz hitz egiteko eta euskararen biziberritzearen esperientziaz hausnar arazteko, eta horretarako kontakizuna bere osotasunean egin behar dugu. Zer egingo dute, bestela, gure belaunaldi berrietako gazteek entzuten duten kontakizunean eliteek egindako lana baino ez bada aipatzen? Zein izango da belaunaldi berrien ekarpena horren arabera? Eta azkenik, kanpora begira ere aritu behar dugulako, eta euren hizkuntzak gurearen egoeran dituztenei eta putzu beltz eta sakon horretatik atera nahian dihardutenei mahaiak hiru hanka dituela esan behar diegu, ez gutxiago. Bestela baliteke porrotera abiatzea eliteen lana baino ez badute planifikatzen eta bultzatzen. Eta utzi iezadazu esaten, antzeko zerbait gertatzen ari dela, tamalez, Erdi Amerikako zenbait prozesurekin, dirua izan arren, hizkuntzalarien eta idazleen jakituria eta lana izan arren, ez dute herritarren babesa.

Ez nizuke eskutitz hau idatziko kontu honen haraindikotasuna ikusiko ez banu, sumindutako lagunak ere entzun bainituen Elizondoko jaian.

Bilatu