Ioritz Aizpuru, Azpeitiko ezker abertzalearen izenean

Presoekiko elkartasuna adierazteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalera

Joan den saninazioetan presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute datorren asteartean, Aritz Arzallus azpeitiarra. Urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamar urteko inabilitazioa eskatzen dizkiote.

Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeagatik “terrorismoa gorestea” leporatzen diote. 2011ko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen eta asteartean, epaiketa burutuko da. Hau guztia, Ertzaintzak San Inazio jaien inguruan egindako txosten baten ondorioz gertatu da.

Azpeitiko ezker abertzaleak gogor salatu nahi du eraso hau eta gure elkartasun beroena adierazi nahi diogu Aritzi.

Gure iritziz, ez da batere ulergarria Euskal Herrian eszenatoki berri bat eraikitzen ari garen honetan, herritarrek eraso hauek jasatea, hauek zaharkitutako ilegalizazio politikaren ondorio dira. Egun Euskal Herrian bizi dugun itxaropen aro berri honen aurrean, honelako gertakariak lekuz kanpo daudela uste dugu, eta herri honen gehiengoaren nahiaren aurka doaz.

Etxetik urrun dauden herritarrenganako elkartasuna ez da delitua. Kolosalean eta elkartasun egunean ehunka azpeitiarrek eskaera bera egin zuten. Horrelako zigorrekin eta isunekin ez dute eragotziko euskal presoen inguruan egiten den lana. Orain da garaia, inoiz baino gehiago, presoen eskubideen alde kalera ateratzeko. Traba guztien gainetik, euskal presoen eskubideak bermatuak izango diren ekimenetan parte hartzen eta horiek bultzatzen jarraitu behar dugu, guztiak etxean izan arte.

Honen aurrean, epaiketaren bidegabekeria salatzeko eta Arzallusi elkartasuna adierazteko antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei.

 

Bilatu