Josu Txapartegi Aramendi, Zarautz

PSE impassean

Matematiketan paradoxak bezala, askaezinak diruditen kontraesanak sortzen dira politikan. Eneko Andueza eta Denis Itxaso dira sozialismo espainiar-baskistaren funtsezko arazoa berriki askatzen saiatu direnak.

Anduezak esan berri du: «etorkizuneko Euskal Autonomia Estatutua Konstituzioaren barruan badago, aurrerapauso handia emango dugu...; Autonomia Estatutu berria Konstituzioaren barnean kokatzen bada egingarri ikusten dut».

Denis Itxasok, "Con mano izquierda" liburuan, honakoak idatzita utzi zituen 2002an: «irteera politikoa inolako proiekturik inposatzeari uko egitetik etorriko da...; Euskadiren etorkizuna euskal herritarrek beraiek demokratikoki adierazitako borondatean oinarritu (behar du)...; nazionalitate historikoek oinarrizko legeari betoa jartzeko gaitasuna indartzea (komeni da)...; nazionalitate historikoen berezitasunek tratamendu konstituzional berezia izan beharko lukete... Espainiaren batasuna ez da helburu dogmatikoa... nazionalista ez den batek autodeterminazio eskubidea erabiltzeko aukera naturaltasunez hartzea (komeni da)... ; adierazpen naturaleko eta normalizatutako bideak ireki (behar dira) ideia subiranista eta independentistei... ; demokrazia batean dena da posible...; federalismoa bultzatu (behar da), alderdi federatu bakoitza izan dadin izan nahi duena...». Denis Itxasok, beti ere, sozialisten ohiko baldintza gogoratzen zuen liburuan: «guztia leialtasun konstituzionalean oinarritua».

Ezinezkoa iruditu zitzaidan orduan ere, Euskal Herriaren autodeterminatzeko eskubidea eta Espainia bakarra eta batua defendatzen duen Konstituzioa uztartu nahi izatea.

Orain, 2024an, jauzi handi bat eman du Anduezak, ahaztu baititu bere kideak duela 22 urte idatzi zituenak. Kontraesana askatu ezin duzunean, bi terminoetako bat alboratzea sozialista askok hartu duten bidea da. Batzuk, Gemma Zabaleta lekuko, kontraesanaren beste terminoa (Espainia bat eta bakarra) alboratzen joan diren bezala. Gogoratu, Zabaleta eta Denisek biak elkarrekin idatzi zutela con mano izquierda liburua. Geroztik, bakoitzak bere bidea egin du.

Bilatu