Publikoa: begira dagoena ala denona?
Bakarra zara, errepikaezina, ez da zu bezalakorik sekula egonen. Horregatik arreta pertsonalizatua behar duzu. Zure arazoak zureak dira soilik, trataera espezifikoa behar duzu eta zure ezaugarri bereziei moldatua egon behar da dena. Ez dago sistemarik, ez dago «gurik», zu zara bakarra. Zurea da beti azken hitza!
Ideia hau nagusitu da Hezkuntzan azken urteetan. Ikasleari behar eta merezi duen arreta espezializatua eman behar zaio. Geletan tropelean metatzen ditugu, bai, baina bakoitzari gehien komeni zaion arreta pertsonalizatua emanez. Horrela sartu ziguten PAI. Horrela ulertu da irakaslearen lan gisa 25 klase pertsonalizatu ematea saio bakarrean. Eta horrela onartzen dugu dislexia duenaren porrota irakaslearen errua dela. Onuragarria da arreta pertsonalizatu hau, inondik inora: ikasle denek ahal duten onena emanen dute eta denak izanen dira bikainak espazio eta toki berean indibidualki. Baina batzuk bikainago noski. Azken finean notak kontatzen du eta ingeles mailak eta digitalizazio maila eta kirol dominak eta eta eta...
Azkenean lehia sartu digute Hezkuntzan ere, eta ez bakarrik pribatuan, publikoan ere. Zentro honetan Gorputz Heziketa ingelesez ematen dutenez hara joanen naiz, bertzera joanen naiz frantsesez Historia ematen baitute. Baina ez da segregazioa, kasu! Hautu pertsonala baizik, batzuek ez badute bikainak izan nahi haien erabakia da.
Joan den hilabetean gure zentroan Ikerketa Batxilergoa jarriko zutela jakinarazi ziguten irakasleoi, «ikasle saiatuen ihesa» saihesteko. Izan ere, Ikerketa Batxilergoan puntu bat gehiago lor dezakete ikerketa tutorizatu bat egiten duten ikasleek. Batxilergoko nota puntu bat igotzen dute, horretarako orduak esleitu dizkioten irakasle baten gidaritzapean. Azkenean, ezin ditugu ikasle «langileak» Batxilergoan «galdu». Ez galtzeko saria behar dugu. Sarirako ikasle hautaketa eta lan estra behar ditugu.
Zure plaza azkar eskatu: tutore bakoitzak hiru ikasle gidatzen ahal ditu. Oharra: zentro mailako eskaria eskaintza baino haundiagoa izatekotan ikasleen hautaketa bat eginen da erakundeak ongi deritzen irizpideei jarraiki.
Bikain! Zentro jakin batzuetan ikasle jakin batzuek aukera izanen dute Batxilergoko nota igotzeko, haiei komeni baitzaie. Horretarako baliabide eta finantziazio publikoa dago, baina ez denei eskaintzeko adina. Elon Musk bezalako profilak bilatzen dira: aukera gehiago dituztenak hasieratik, inteligentzia ageriago azaltzen dutenak eta lan gehiago egiteko prest dagoen elite bat. Iduriz, bertzeen gainetik are gehiago nabarmentzea aukera dezakete onenek.
Mundu indibidual eta lehiakor honetan Hezkuntza Publikoak horixe erran nahi du: Hezkuntzako katalogoaren publikoa, ikusleak, bezero potentzialak. Horixe da gizarte aske bat: libreki hautatzen duten norbanako multzoa. Ezta?
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.