Marixol Iparragirre, Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal | Réauko emakume presoak

Réauko emakume presoen gutuna

Abuztuan Réauko euskal preso politikoen kolektiboan aldaketak izan ditugu:

Hilaren 16an Itziar Plaza Fernandez Réautik Madril ondoko Soto del Realera lekualdatu zuten, behin Frantziako zigorra oso-osorik beteta. Orain Soton bakartua daukate Espainiar errepresio aparatuak beretzako zer erabakitzen duen zain. Bihoakie hemendik berari eta bere hurkoei gure berotasun guztia, animo Itziar!

Hilaren 30ean berriz, Izaskun Lesaka Argüelles Fleury Mérogiseko espetxetik Réaura lekualdatu zuten. 15 hilabete eman ditu kolektiboko beste kiderik ondoan izan gabe eta otsailetik izan dute segituan behar zuen lekualdatzearen zain. 7 hilabete horietan kartzela administrazioa bere ilusio eta egonezinekin jolasean aritu da, orain esperantzak eman eta ondoren berauek zapuztuz, kolektiboari eman zitzaion hitza janez.

Bi burkide hauen egoerek, EPPK-ko emakume guztienenak islatzen dituzte, gainontzekoek jasaten ditugun neurri anker eta bidegabeei errepresio eta bakartze dosi bikoitza gehituz.

Berriro aipatu beharrean gara: Frantzian abiatutako hurbilketa politikak ere EPPK-ko emakumeak bazterrean utzi dituela. Hogeitik gora burkide hurbildu dituztea, eta horien artean ez dago emakume bakar bat ere.

Euskal Herritik hurbil espetxe egokiturik ez dutela diote, baina bitartean beraiek berbatzeko ere ez dute urrats bakar bat ere egin. Horren froga Réaun gertatua. Otsailetik ekar zezaketen Izaskun, baina nahiago izan dute Itziar Espainiara eramatera itxaron, nonbait Réaun 5 burkide emakumezko batera gehiegi zirela iritzita.

Bestalde, gainerako kolektiboko kideen hurbilketa ere mantso doa. Erresistentzia batzuk daudela ere antzeman daiteke. Horien ondorio une honetan bi burkide bakartuta daude, Aitzol Iriondo Moulinsen eta Garikoitz Aspiazu Arlesen.

Kondenatutako burkideekin jarraituz, Réauko biaz gain, Muret eta Ile-de-Rékoak falta dira hurbiltzeko.

Azkenik, epaiketa zain dauden lauak falta dira: bi Osnyn, eta beste bi Fresnesen dituztenak.

Hurbilketak beraz, Frantziako EPPK-ko kideen erdiari baino gutxiagori eragin dio, eta hurbilketa egiteke dugun bidearen lehen urratsa besterik ez da.

Jakingo duzuen gisan, urriaren 20an Bilbon manifestazio handia egingo da. Bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Ahalik eta jende gehiena bertaratu dadin asteburu horretan EPPK-ko kideok ez dugu bisitarik izango. Orain presoak!

Euskal presoak Euskal Herrira!

Independentzia! Amnistia!

Bilatu