Saharak merezi du
Gonzalo Moure | Idazlea
2018/08/09

Atzo, Valentziako aireportuan, 32 graduko tenperatura «jasanezina» pairatzen ari ginelarik, Bubisher-en blogaren bidez, “Ez da humanoa” testua irakurri nuen. Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan 60 graduko tenperatura zutela irakurri nuen.

60 gradutan, saharar zaharrenak eta jaioberri anitz hil dira honezkero. Eta Saharako egoeraren larria ezagututa, neure buruari galdetzen diot ea merezi duen guk jarraitzea Sahararen aldeko Bubisher proiektua sostengatzen, errefuxiatuen kanpamentuetako liburutegiak laguntzen. Den-dena bertan behera uzteko gogoa ematen du-eta! Sahararrek deserrian 42 urte daramatzate-eta, dena hankaz gora jartzeko gogoa ematen du. Sahararren aberria, Mendebaldeko Sahara, lehorra eta beroa izanik ere, itsasaldeko lurralde oparoa eta emankorra ere bada. Aitzitik, Aljeriak utzitako hamada infernu hutsa da, eta inork ez du merezi bertan bizitzea, ezta eskorpioiek ere.

Halere, poliki hausnartuta, laguntzen jarraitzea merezi duela ondorioztatzen dut, bai merezi duela sahararrek lur mortu horretan bertan jarraitzen dutelarik: merezi du liburutegiak eraikitzen jarraitzea, jarduerak antolatzen eta maitasunez betetzen, eta sahararren esku uzten euren geroa erabakitzen, euren bidea egiten, hartzen duten bidea hartzen dutela. Izan ere, kultura hori ere bada, nork bere kabuz erabakitzeko gaitasuna izatea, mundua ezagutuz, mundua den bezain injustua bada ere.

Konformatzen naiz jakinda Mar Benegas-en gonbidapenari esker “El niño de luz de plata” liburuaren ia-ia ehun ale sartu ditugula ia-ia ehun umeren bizkarzorroetan. Eta liburu horiekin jarduerak eginen dituzte, Valentzian ez ezik bertze hainbat tokitan ere, beti Bubisher zabaltzen laguntzeko, lur mortu batean bada ere. Gaizki sentitzen naiz; nazkaz eta amorruz gaixoturik. Baina Nuno Marçal-ek dioenez, geureari eutsiko diogu, tinko eutsi ere, eta ez dugu sekula etsiko. Uste dut une honetan ez dagoela beste irtenbiderik: aitzina.

Itzultzailea: Josu Jimenez Maia

Artikuluak
Sabino Cuadra Lasarte
2018/12/13
Josu Naberan
2018/12/13
Rafa Puelles Mugica
2018/12/13
Imanol Esnaola
2018/12/12
Gutunak
Antón Altamirano y Pilar Corraleño | Delegadas de ESK Emergencias
2018/12/13
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2018/12/13
Fermin Zabaltza Aleman | Administrazioan Euskaraz Taldea
2018/12/13
José Manzaneda | Asociación Euskadi-Cuba
2018/12/12