Juan Luis Mugertza Unanue

Sarrerak, dagoeneko, salgai

Lehengoan, gurean bi aktore egon ziren Gure Esku Dago-k eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak gonbidatuta, Agusti Alcoberri ANC eta Marcel Mauri Omnium Culturaleko lehendakari ordeak, eta Kataluniako pelikularen gainean aritu ziren. Horretarako, atzera egin zuten, eta bizi izaniko unerik aipagarrienak gogora ekarri zituzten, ahaztu gabe espetxeetan eta atzerrian daudenak, eta oso kezkatuta agertu ziren. Izan ere, Espainiako Justiziak (Gobernuak) independentisten aurka hartutako neurriek argi eta garbi erakusten dute noraino heltzeko gai diren, eta zer nolako pelikula erakusteko asmoa duten. Espainia ez dago prest Kataluniako gizarteak bestelako filma ikus dezan, eta hori oso ondo antzematen da egunerokoetan, antza. Dirudienez, egun, Katalunian jendea gutxiago joan ohi da zinemara edota antzerkira. Espainiar elebakarrek kataluniar hiztunak isilarazi nahi dituzte, goibeldu, eta sasoi batean bezala, Espainiako historia zuri-beltzean, eta NODOren bitartez kontatu. Halarik ere, alperrik dabiltza Frankoren oinordekoak beraien narrazioa kontatzen. Herri honek aspaldian erabaki du zer nolako pelikula nahi duen, eta zer nolako protagonistak. Oraindik ez dute data zehatzik pelikularen estreinaldirako, oso ondo baitakite errodajea, behin eta berriro, oztopatzen saiatuko direla. Dena den, oso ondo dakite lehenago edota beranduago Katalunian inoizko pelikularik ederrena ikusteko aukera emango dutela. Ea euskaldunok animatzen garen pelikula horretan gure leku ona hartzen, eta ez orain arte bezala, oilategian arto-krispetaren zarata entzuten.

Bilatu