Julen German Lopez Korta | Beasain

TAO-aren etorrera

TAO-aren (gazteleraz ‘OTA’ bezala ezagutzen dena) etorrera egun gutxiko kontua da Gipuzkoako hainbat udalerritan. Besteak beste, Arrasate eta Beasain. Egoera honetara iritsita, autokritika eta gogoeta sakon bat egiteko garaia da. TAO-a bidezko zerga al da? Zerga aurrerakoia al da? Bidezkoa eta aurrerakoia den fiskalitate bat defendatzen dugun bitartean, gehien duenak gehien ordaintzen duelarik, udalerri askok guztiok berdin ordaintzen dugun zerga bat ezarri nahi dute, TAO-a. Madrildik inposatutako BEZ-aren igoera gogor kritikatzen dugun bitartean (bidezko fiskalitate baten kontra doalako) TAO-a bezalako zerga atzerakoi bat ezartzen dugu autonomia propioa dugun esparruetan. Kontu honetan ez dezagun engainatu, TAO-ak duen helburua dirua biltzea da.

Eta hau da bereziki gehien kezkatzen nauena, hainbat udaletxek iraganean kritikatzen genituen zenbait alderdi politikoren argumentuak bereganatzen ari direla. Kontua da TAO-a gaur egun dugun mugikortasun arazoari aurre egiteko tresna bezala saltzen ari direla, esanez honek aparkatzeko arazoak konpondu edo leunduko dituela aparkatzeko mugak ezartzen dituelako. Baina benetan errazagoa al da aparkatzea Donostiako edo Tolosako TAO guneetan esaterako TAO-a ezarri zutenetik? Nahi dugun errealitatea irudika dezakegu baina honek ez du benetako errealitatea aldatzen. Izan ere, TAO-aren ordainketa onartuta ere, oso zaila da aipatutako guneetan aparkatzea.

Aipatutako argumentuaz gain, beste argumentu arriskutsu bat hedatzen ari da: gaur egungo mugikortasunaren eredua aldatzeko, honi trabak jarri behar zaizkiola. Kontua da alternatibak eskaintzen ez diren bitartean, traben politikak ezartzea herritarrei gauzak zailtzea dela. Hori da hain zuzen ere jorratu beharrekoa, alternatiba, gaur egungo mugikortasun ereduaren aurrean abantailak suposatzen dituen mugikortasun eredua, bere pisu propioaz gailenduko dena. Gogoeta, ildo horretatik etorri behar da, eskaini beharko litzatekeen zerbitzua identifikatuz eta hau nola finantzatu behar den ikusiz. Horregatik garbi esan beharra dago TAO-ak zein helburu duen, diru bilketa, eta horren aurrean nire erantzuna garbia da ‘TAO-ari ez’ eta jakin dezatela gure ordezkari politikoek nire botoa TAO-aren kontrakoa dela.

Bilatu