Uxue Pérez

Tituludun analfabetoak

Azkenaldiko mobilizazio guztiak ditugu honen ikusgai: Wert erreforma ez da zilegi. Hezkuntzan eginiko murrizketa eta aldaketa guztiak ez dira gaur daukagun egoera larri hau txartzeko baino. Izan daiteke hemendik urte batzuetara ‘Lomce belaunaldia”’bereiztea? Beldurgarria dirudi.

Asko dira Werterrek ekarriko dituen aldaketen artean sakonki eztabaigarriak direnak, baina nire ustez, kalitateko hezkuntzaren aurkako atentatu honen eragile nagusia errebaliden ezarpena da.

Errebalidak lehen eta bigarren hezkuntza eta batxilergoko tituluak lortzeko gainditzea ezinbestekoa diren azterketak dira, hauetara aurkeztu ahal izateko asignatura guztiak gainditzeko premia dagoelarik. Horrela, kurtso osoan zehar ikasitako guztia froga bakar batean islatu nahi dute, hezkuntza azterketetan ebaluatu daitekeena baino askoz gehiago dela kontuan hartu gabe. Errebalidak ezartzerakoan, ikas prozesuaren helburu bakarra azterketa hau gainditzea izango da, heziketa sistema kalitatezkoa bihurtzen duten ikaskizun asko alde batera utziz. Errebalidak test modukoak izango balira, zertarako galdu beharko da denbora idaztea bezalako zerbait ikasten? Erokeria badirudi, erokeria bat delako da.

Hau horrela izanik, norbaitek pentsa dezake kurtsoan zehar eskuratu behar ziren gaitasunak azterketan islatzearekin arazo guztiak bukatuko liratekeela. Baina, ez da mintzaera azterketa batean ageri ezin den zerbait? Edo hausnarketa bat? Eta horregatik ez ziren eskoletan irakatsi beharko?

Honen garantzia ulertzeko adibide garbi bezala, Hizkuntza Eskolako titulua lortzeko egin beharreko azterketak ditugu. Ni DBH4ko ikaslea naiz, eta klase-kide guztiak bezala, bizitza osoa ingelesa ikasten egon ondoren, aurtengo NUHEO froga gainditu ahal izateko azterketa zehazki prestatzeko aparteko klaseetara joan behar gara. Lehen eskuz bizi dut nola klase hauetan azterketa gainditzeko bakarrik prestatzen gaituzten, hau da, ez dira ezertan ere ingelesa ikasteko balio.

Honekin esan nahi dudana da, errebalidak ezarriko balira, hezkuntza eredu osoa froga hauek gainditzeko helburuarekin heziko gintuztela, beste hitz batzuetan esanda, azterketa prestatzaile soilak bihurtuko ginatekeela, eta ondorioz, ez genukeela ikasitakoa errealitatean erabiltzeko gai izango.

Sinpleki esanda: Errebaliden ezarpena hezkuntzaren helburu praktikoa aldatuko du, ikasleek materiarekiko jakituria batzuk izatetik, titulua lortzea igaroz. Tituludun analfabetoak bihurtuko gaituzte.

Bilatu