Trump: aita autoritarioaren garaipena
Beldurra denean gizarte batetan emozio sakonena, segurtasuna da bilatzen dena. Emozio primarioa da, erreala edo gure imajinazioak indartua. Beldurra bakearen desioa baino indartsuago izan daiteke. Eta izua da beldurraren muturra.
Gizakien burmuinaren barne funtzionamendua konplexua da; subkontzientearen egitura sinesmenetan oinarrituta dago. Arlo kontzienteak onartu dezake hainbat ideia, adibidez multikulturalitatea; baina subkontzienteak dauden sinesmenen kontrakoak badira, pertsonek ez dute benetan barneratzen ideia berri horiek. Eta bere barne baloreak arriskuan ikusten duenean gizakiak segurtasunaren bila jotzen du. Hemen du zentzua metaforikoki deituriko aita autoritarioa, zorrotza, gauzak bere lekuan ipiniko duenak.
Gure gizartean politikoki zuzena dena saltzen da: Brexita insolidarioa da, Kolombiako bake prozesua ona da, immigrazioa aberasgarria, familiaren eredu tradizionala atzerakoia da; Trump basatia da… Gure inguruan logikoa, arrazionala eta zentzuzkoa; mendebaldeko komunikabide gehiengoak zabaltzen duena da politikoki zuzena.
Kontua da gizakiaren barne sinesmenetan, barne baloreetan zerbait sendoa ez baldin badago landuta eta eraikita, ez da aldaketarik emango; beldurrak betiko irtenbideetara eramango gaitu, hau da, aita autoritarioa, zorrotza, gogorra baina babesten omen gaituenaren bila.