Turismoko Departamentuak euskaraz; Oscar Txibitek zergatik ez?
Hainbatetan eskatu dugu euskaraz ere jar daitezela Nafarroako Gobernuak AP-68an dituen kartelak. Turismoko Departamentuak ele bitan jarri ditu bere kartelak («Nafarroako Erresuma» diotenak), eta poztekoa da. Baina Lurralde Kohesiorako Departamentuak jarraitzen du, temati, euskararen kontra, eta bere kartelek espainol hutsean segitzen dute («Navarra Comunidad Foral» diotenak).
Horrekin lotuta, eta Nafarroako Arartekoak 25 urte bete dituen honetan, oroitarazi nahi dugu nola jokatu duen Lurralde Kohesiorako Departamentuak, 6 urte hauetan, Arartekoaren kexen aurrean:
Gutxienez 4 kexa jarri dira Arartekoan, hainbat karteletan euskara baztertzeagatik (espedienteak: Q21/500, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987). Lau kexa horietan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak eman duen lehenbiziko erantzuna izan da «ez dagoela betebeharrik bide-seinaleak ele bitan jartzeko», eta aldiro frogatu behar izan dio Arartekoak baietz, «eremu euskaldunean» beharturik dagoela seinaleak ele bitan jartzera, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko.
Bestalde, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987 kexetan zehazki esan dio Arartekoak Lurralde Kohesiorako Departamentuari «Francia» ele bitan jarri behar duela «eremu euskaldunean, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko. Eta hiru kexetan Departamentuak argi eta garbi esan dio ez dagoela ados eta ez duela ele bitan jarriko. Dena agirietan dago. Hala ere, protestei esker, azkenaldian «Frantzia» erantsi du, euskaraz, 30 karteletan.
Argi dago: protesta da bidea, eta protestatzen jarraituko dugu, besteak beste, AP-68 kartelak euskaraz jar ditzan Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Turismoko Departamentuak egin bezala.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.