Xabier Etxebarria eta Naroa Ariznabarreta

Udalekuen bidez euskal herria euskaldunduz

Euskal Udalekuetako Goñiko bigarren txandako kideok, azken hilabetean Zuhatzako udalekuetatik kaleratua izan den hezitzaileari gure babes osoa adierazi nahi diogu. Horrez gain, hainbat komunikabide eta politikarik Zuhatzako gertakarien aurrean izandako jarrera salatu nahi dugu. Gertakariei emandako trataerak euskaraz lan egiten dugun aisialdi taldeon kriminalizazioa duela helburu uste dugu. Euskarak eta euskaldunok jasaten dugun egiturazko zapalkuntzaren erantzunle direnek, euskara eta euskaldunok gure eskubideetan frantzes eta gaztelera hiztunen pare bageunde bezalako errealitate bat irudikatzen ahalegitzen diren bitartean, urtetan eta baita gaur egun ere, gure hizkuntzak jasaten duen jazarpenak aurkakoa erakusten du. Bestela ezinezkoa litzateke ulertzea nola D ereduan ikasten duen haur batek zailtasunak izan ditzakeen euskaraz bizitzeko.

Horregatik, Euskal Herriaren euskalduntzea lortzeko bidean aisialdi taldeen ekarpena eta garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hezkuntza formalak euskararen ezagutza zabaltzea ahalbidetu badu ere, ez da berdina gertatzen erabilerarekin eta esparru horretan berebiziko garrantzia dute aisialdi taldeek.

Gure jardunaren bitartez baloreetan oinarritutako eta euskarazko aisialdi eta errealitate bat posible dela erakusten dugu. Gure partetik orain arte bezala jarraitzeko asmoan berresten gara, eskura ditugun bitarteko gutxiekin baina ilusio eta irudimen askorekin. Udalekuz udaleku Euskal Herria euskalduntzen jarraituko dugu.

 

Bilatu