UPN eta PP-koen txisteak
EITB lortu dutenean itzaltzea Nafarroako lurralde gehienean, eta beraien historian zehar, euskarari jarri ahal izan dizkioten oztopo guztiak jarri ondoren, UPN eta PPkoen bozeramaileek oraindik daukate ausardia, gure muturtxoen aurrean esateko euskara gogotik maite, bultzatzen eta babesten dutela, eta betidanik, gainera; horixe dela hoberena Nafarroako hizkuntzarentzat! Jaun-andreok, mesedez, emadazue baimena barre egiteko halako astakerien aurrean: kar-kar-kar! Hori, beraiek eta beren jendeak ere ezin dute sinistu.
Juan Luis Sanchez de Muniain eleduna, berehalaxe agertu da jendearen aurrean, bere berezko argitasunarekin, adierazteko hori egin dutela Nafarroako komunikabide eta hedabide beren-berekiak babesteko. Otoi, baimena berriz ere barrez lehertzeko: kar-kar-kar! A zer-nolako ateraldiak gizon buru azkar honek! Antza denez, Estatuko, Europako eta gainerako kontinenteetako hedabideetatik ez dira babestu behar Nafarroakoak; soil-soilik EITB arrunt arriskutsu horretatik!
Geroxeago, Javier Espartzak (abizen super nabarrisimoa) jarri du bere aurpegi borobil eta alaitsua mikrofonoen aurrean, guri irakasteko, alajaina, EITBk legezkoa izan behar eta hala jokatu behar duela! Arren, berriz ere zuen eskuzabaltasunaz, barre eginen dut txiste honen aurrean: kar-kar-kar! A zer burutazioa! Noski, hogeitaka urtean ez dute denborarik izan, gaixoek, halako katea legeztatzeko. Nola edukiko zuten, ba? Ezinezkoa da, batez ere beren adimena gogoan hartuta, ezta hala?
Eta, azkenik, Julen Sesmaren gatza entzun ahal izan dugu. Behin eta berriz zioen, EITBk, Nafarroan ikusi ahal izateko, ezinbestean ordaindu behar duela ez dakit (berak ere ez zekien) zer sos kopurua. Kar-kar-kar! Bai, jakina, Aragoin, Errioxan, Burgosen eta Kantabrian, konparaziora, ordaintzen duen bezala-bezalaxe!, ezta hala, azkar ustekoa? Edota, Nafarroan ikusi ahal omen diren 100 kanal baino gehiagok ordaintzen duten moduan! Kar-kar-kar! Halako pailazoekin, zertarako Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharrak?
UPN eta PPko bozeramaile askok hor jarraitzen dute, beren lotsaririk lotsagarrienak batere lotsarik gabe, behin eta berriz jende guztiaren aurrean erakusten. Kar-kar-kar!, negar ez egiteagatik.